Hamar urte dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutela, eta era berean, hamar urte beteko ditu Berriak aurten, ekainaren 21ean hain zuzen. Hamargarren urteurrena ospatzeko asmoz, Euskal Herri osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean, maiatzaren 3an eta 4an Hernanin izango direnak.
Ostiralean, Berria proiektuaren azalpenak
Berria proiektua bera izango da ostiraleko ardatza. Martxelo Otamendi zuzendariak proiektua zertan dan azalduko du 20:15ak aldera, Biteriko areto nagusian. Ondoren, Pixel ekoiztetxeak egindako bideoa ikusi ahal izango da, baita ere, proiektua bera azaltzen duena. Harkaitz Canok, Maialen Lujanbiok eta Lorea Agirrek egin dute bideoaren gidoia. Eta azkenik, iluntzeko 20:30etan, kontzertua emango du Xabier Montoiak Biterin. Sarrerak salgai daude www. berria.info/berriataldea helbidean, Hernaniko elkar dendan eta Txili tabernan; 10 euroan daude, eta BERRIAlagunentzat 5 euroan.
Kalebuelta eta gehiago, larunbatean
Festak jarraipena izango du larunbatean, eta kasu honetan, herritarrak izango dira protagonista, Berriari babesa emanango dietenak. Kalebuelta antolatu dute Plaza Berritik Plazara, eta herriko 30 taldek baino gehiagok hartuko dute parte, 11:00etatik 14:00etara.
Umeentzako tailerrak ere izango dira. Plaza Berrin jarriko duten oholtzan musika eta partehartzaileen hitzak entzungo dira, Berriaren aldekoak, euskararen aldekoak eta euskal hedabideen aldekoak. Bestalde, Ttarla dantza taldearen emanaldia eta Bertso saioa ere izango dira. Baita ere, saio berezia egingo dute Kalez Kale Kantarikoek, 12:00etan. Eta azkenik Hernaniko tabernarien desafioa: taberna bakoitzak ordezkari bat aukeratuta, kalebueltak irauten duen hiru orduetan zeinek buelta gehien eman.
Bukatzeko, nola ez, Plaza Berrira gerturatzen direnek izango dute zer edana eta zer jana, herriko sozietate eta sagardogileei esker.