Play offaren bila, azken kanastara arte

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 27a, 02:00

Azken minutura arte borrokatuko dute hernaniarrek, Gipuzkoako ligan play offa jokatzeko. Lau taldek jokatuko dute play offa, eta postu bat kolokan dago oraindik. Bost talde, haren gosean, eta horien artean Hernani Teklan Laser. Gaur derbia jokatuko dute Astigarragaren aurka, ira­bazi beharrekoa itxura batean, azken hirugarren baitijoaz astigartarrak.

Bi partiduren aldea, hiru partiduren faltan
Hiru partidu falta dira liga bukatzeko, eta Hernanik bi partiduko aldea dauka laugarren dijoan Errotaundirekin, eta bosgarren dijoan Bosteko-Iraulirekin. Zaila litzateke bi talde horiek hiru partidutan bi huts egitea. Hurrengo hiru taldeak, berdinduta daude puntutan, eta hor aurrea har­tzea ez litzateke hain zaila. Play offean aurrera eginez gero, Autonomiarteko 1go Mailan jokatuko lukete datorren denboraldian.

Bukaera ona, arrastaka hasitakoari
Ez zuten espero hain denboraldi ona egiterik, eta are eta gutxiago, liga hasi zuten gi­san hasita. Arrastaka xamar hasi ziren hernaniarrak, eta hara non, urtea bukatzerako play offerako borrokan sartu diren. Oraindik gertuago ere izan dute laugarren postu hori, baina joan den astean kontrario gogorra tokatu zi­tzaien, eta atzera egin behar, Atleticoren kontra. Bukatzen den gisara bukatuta ere, gustora daude arduradunak egindako denboraldiarekin.

Konpromisoa, armarik zorrotzena
Ez dute ia hutsik egiten, eta beti prest dira 12 jokalariak, partidu guztietan. Konpromi­soa da Hernanik daukan ar­marik zorrotzena, aurtengo denboraldian. Taldekideak era­bat daude indarrean, ilusioz, eta horrek alde dezentea markatu du urteak aurrera egin bezala. Esperientzia hartuz joan dira gazteak, eta beteranoek ere, Aitzol Arrieta kapitaina buru dutela, gero eta maila hobea erakutsi dute.

Astigarragaren kontra gaur, derbia beti derbi...
Ez du urte bapoa egin Asti­ga­rragak aurten, eta azken hirugarren postuan dijoa sailkapenean. Hala ere, talde gogorra dela diote Hernaniko arduradunek, eta ez dagoela fidatzerik. Gainera, jaitsiera postuei agur esateko beharrezkoa du irabaztea, eta ez dira barkatzeko egongo. Derbia jokatuko dute gaur Astigarragak eta Hernanik, Hernaniko kiroldegian. An­bien­te polita bildu liteke bertan, eta animatu daude zale guztiak, 16:45etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!