Zer ikasi aukeratzeko garaia, Hernaniko gazteentzat

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 27a, 02:00

Hernanin bertan aukera haundia daukate 16 urteko gazteek, ikasketei segida emateko. Derrigo­rrez­ko ikasketak aurten bukatuko dituzte. Horietatik batzuk lanean hasiko dira eta beste batzuk ikasten jarraituko dute. Azken horiek orain aukeratu behar dute ze ikasketa egin nahi dituzten. Batxilergoko aurrematrikula ostegunetik aurrera egin behar da, maiatzaren 14ra bitartean; horretarako, Her­na­ni BHIk eskaintzen ditu bi aukera nagusiak: Giza eta gizarte zientziak; eta Zien­tziak eta teknologia. Lanbide Heziketa egin nahi dutenek hilabete bu­kaeran dute aurrematrikulazioa, eta Lanbide Hastape­ne­koek ekainaren 3an. Helduen Hezkuntzako (EPA) aurrematrikula berriz, irailean irekiko da.


Hernani BHIn punta puntako eskaintza
Ez dago Hernanitik kanpora joan beharrik Batxilergoa edo Heziketa Zikloak egiteko. Hernani BHI Institutuak au­kera haundia eskaintzen du, eta ikasketa gutxi batzuk kenduta, kurtso nagusiak Her­na­nin bertan egin litezke. Batxilergoan hiru adarretatik bi, Hernani BHIn badira. Batetik, Giza eta gizarte zien­tziak: filosofia, hizkuntzak, gizarte, historia… heziketa filosofiko eta linguistikoak, sozialak eta historikoak, hain zuzen. Horrez gain, ikasleak prestatzen ditu unibertsitaterako edo Lanbi­de Heziketako prestakuntza zikloetarako. Bestetik, Zientziak eta teknologia, oinarrizko formazio zientifikoa: natur eta osasun zientzien alorreko diziplinetan funtsezkoak direnak. Heziketa Zikloak ere es­kaintzen ditu Hernani BHIk: goi mailakoak eta erdi mailakoak. Erdi mailakoetan hiru aukera badira: Mekanizazioa, Instalazio elektriko eta automatikoak, eta Mantenu elektromekanikoa. Goi mailakoetan ere beste hiru: Fabrikazio mekanikako diseinua, Sistema elektrotekniko eta automatizatuak, eta Animazio soziokulturala eta turistikoa. Horrez gain, Hernani BHIk baditu bestelako aukerak ere. Hiru dira aipagarrienak: Ha­sie­rako Lanbide Pres­takuntzako Pro­gramak (HLPP): batez ere erakusten da Mekanizazioko langile ba­tek jakin beharreko oinarrizkoa. Bigarrena, Es­kain­tza partziala: hor erakusten dira Instalazio elektriko eta automatikoak. Azkenik, Sar­bi­de Probak ere prestatzen dira Hernani BHIn: hain zuzen Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba prestatzen erakusten dute.


Erizaintzako zikloa, Inmakuladan
Inmakulada ikastetxeak, ur­te­ro bezala, erdi mailako zi­klo bat eskainiko du, Erizain­tzari buruzkoa: zaintza osagarriak. Badira ziklo gehiago ere Hernanin. Horietako bat Transpakarren emango dute: Ibilgailuak konpòntzeko langileak aterako dira ziklo horretatik.


Zortzi aukera HHI-CEPAn (EPAn)
Helduek, edo ikasketak bu­ka­tu nahi dituztenek An­tzio­la auzoko HHI-CEPAn aukera polita daukate. Zortzi au­kera dituzte horretarako: Idazten eta irakurtzen ikasi; Zure ezagupenak gaurkotu; Komunikazio trebetasunak hobetu; Bigarren hezkuntzako graduatua lortu; Sarrera probetarako prestatzea bai Unibertsitatera eta baita goi mailako zikloetara ere; Infor­matika; Euskara, ingelesa, eta frantsesa; eta Gaztelania.


16 urteko 178 gazte
Hernaniko erroldaren arabera, Hernanin 178 gazte daude 1997an jaioak; beraz, gutxigorabehera horiek dira ze ikasketa egin erabaki behar dutenak. Gaur egun, Hernani BHIn 205 ikasle ari dira Batxilergoan, eta 120 ikasle Lanbide Heziketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!