Oraingoz sukurtsala Bilbon dago, eta delegazio bat biltzen da Donostian (ostegunetan, Salamanca kalean, Caritasen lokaletan, 18:00-20:00). Horrez gain, lehendik lau herri edo bailaretan baziren taldeak (Irun, Ordizia, Donostia, Oarsoaldea), eta sortu berri dira beste lau ere (Oñati, Arrasate, Zarautz eta Eibar). Sortu nahi lituzkete beste hiru bailaratan (Tolosa, Hernani, Zumarraga). Hernanin, hain justu, bidean da Fiare banku etikoaren parte izango den taldea. Atzo hitzaldia eman zuen Fiareko Beñat Irasuegik, eta ondoren, talde berri bat sortzeko asmoa azaldu zuten. «Maiatza erdian izango da bilera, eta aurrez jakinaraziko diegu herritarrei», adierazi zion Irasuegik Kronikari. Beñat Irasuegi Oarsoaldeko taldeko kide bat da. Aurrez Luis Intxauspe Alkateak aurkeztu zuen hizlaria, eta berriz gogoratu zuen, Hernanik 1.800 euro jarri dituela Fiarerako.
Hernaniko taldea zertarako?
Taldeak sortu nahi dituzte herrietan bi helbururekin. Hasieran Fiarerako jendea bilatzea da helburu nagusia; geroago, kooperatiba sortzen denean, lan gehiago izango ditu talde horrek: aktibitatearen kontrola, asanblean parte hartzea, maileguak zeini ematen zaizkion begiratzea (herriko kasuetan, adibidez).
Europako kooperatiba sortzeko asmoa
Fiarek 5.000 bazkide inguru ditu Espainiako Estatuan, eta horietatik 2.000 inguru Euskal Herrian, sortu zen lekuan. Orain, Europara zabaltzeko asmoa daukate, eta Kreditu Kooperatiba sortzera dijoaz Italiako Banca Popolare Eticarekin. Irasuegik azaldu zuenez, ez dute beste erremediorik izan, Espainiako Bankuak zailtasunak jarri dizkielako. «Guk Euskal Herriko kooperatiba sortu nahi genuen hasieran, baina Espainiako Bankuak oztopo haundiak jarri zizkigun. Espainiako Estatura zabaldu genuen Fiare, baina hala ere ez digute baimenik eman Kreditu Kooperatiba sortzeko. Horregatik, orain arte Italiako Banca Popolare Eticaren sukurtsala izan da Fiare, eta orain, harekin batera, Europako kooperatiba sortuko dugu. Haien bazkideak gureekin elkartuta, 50.000 bazkide izango ditu Fiarek».
Maileguak eskatu litezke, aurrezkiak egin ere bai
Kooperatiba sortzen den momentutik (urte bukaera) beste bankuen zerbitzu ia guztiak emango ditu Fiarek. Bitartean, dirua sartu liteke, aurrezki moduan, edo taldeen kasuan maileguak eskatu litezke. Bazkide izateko aukera ere badago. Informazio gehiago: fiareoarso@gmail.com, edo www.proyectofiare.org.