Gustu eta afizio guztietarako ekintzak antolatu dituzte Portun maiatzera bitartean. Auzoko elkarbizitza indartu nahi dute, eguneroko harremanetik haratago joan, eta elkarrekin ondo pasatzeko modua jarri. Hori horrela, ume, gazte eta helduentzat hitzaldiak, irteerak, tailerrak... antolatu dituzte.
Sagardo dastaketa gaur, Pedro Marin
Ekintza guztietatik aurrenekoa gaur izango da: Sagardo Dastaketa, Pedro Marin. Sei sagardotegitako sagardoa izango da aukeran, guztiak Hernanikoak: Elorrabi, Oialume Zar, Itxasburu, Altzueta, Rufino eta Otsua-enea. Ez da gainera, dastaketa soil bat izango. Horretan aditua den Irati Amondarain enologoak azalpenak emango ditu dastaketak iraun bitartean.
Gaurko ekintzan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik. Momentuz 20 lagun inguru animatu dira, eta antolatzaileek azaldu dutenez, partehartzaile kopurua mugatua izango da, beraz, komeni da lehenbailehen ematea; horretarako, Pedro Mari tabernatik pasa.
Umeak protagonista, bihar
Biharko tailerra antolatu dute, auzoko txikienei zuzenduta. Egurrezko jostailuak nola egin erakutsiko dute, goizeko 10:00etan hasita.
Bi irteera, Nafarroara eta Arabar Errioxara
Auzotik atera, eta egunpasak egiteko aukera ere jarri dute Portun. Maiatzaren 4an Lacturale esne zentrora bisita antolatu dute, Etxeberri-Arakilera; eta arratsaldean, Peru Harri museoa bisitatuko dute, Leitzan. Irteerara joan nahi dutenek ere Pedro Maritik pasa beharko dute, izena ematera. Bazkaria barne, prezioa 12 eurokoa da helduentzat, eta 9 eurokoa umeentzat.
Bigarren irteera maiatzaren 11n egingo dute Samaniegora. Kasu honetan ere edari bat izango da protagonista, ardoa; Baigorri bodegakoak probatuko dituzte.
Edurne Pasabanen azken zortzimilakoen proiekzioa
Azkenik, egun bat lehenago, maiatzaren 10ean, proiekzioa antolatu dute. Edurne Pasabanen azken zortzimilakoak jarriko dituzte, eta hizlari lanetan Asier Izagirre Pasaban ariko da.