Antxoa, barra barra

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 25a, 02:00

Martxotik ekainera izaten da antxoaren kanpaina; aurten ez da askorik sartu negu luzea dela eta. Aurreneko kolpea asteartean izan zen, 70.000 kilo antxoa sartu ziren Gipuzkoako portuetan. Atzo, hamar euro inguruan erosi zitekeen, Hernanin.

antxoa kolpea izan zen asteartean Gipuzkoako kostaldean. Hondarribia, Ge­taria eta Pasaiako portuetako arrantzaleak bitan atera ziren garai honetan hain preziatua den arraiaren bila. 70.000 kilo antxoa inguru sartu zi­ren Gipuzkoan, eta atzo joera mantendu zen; arrantza itsasontzi bakoitzeko, 250 kaja inguru. Ohi baino be­ran­duago sartu da antxoa aurten, negua ere, ohi baino lu­zeago izan baita. Eguraldi ona, epela eta itsaso barea be­­har izaten dira, eta azken egunek lagundu dute horretan.

Antxoa gosez, jendea
Garaian garaiko produktuak jatea komeni izaten dela badakite hernaniarrek, eta sasoi honetan, antxoa gosez izaten dira. Itxaspe arrandegiko arduradunak, Joxeanek dio, kolpea izaten denean, prezioa jaitsi egiten dela, eta hernaniarrak irrikaz egoten direla: «antxoa asko sartzen denean, prezioak behera egiten du dexente. Asteartean 9 euro inguruan erosi nuen lonjan, eta 12 euroan saldu. Antxoa sartu bezain laister erosi nuen, eta hortik prezioa. Gero, itsasontzi gehiago sartu, eta kolpea zela eta, merketu egin zen. Atzo, 9.90 euroan saldu genuen». Ugaritasuna noiz, zain egoten dira herritarrak, eta halako egunetan, antxoa asko saltzen da arrandegietan: «kolpea dagoenean, prezioa ona izaten da, eta egunean 60 eta 100 kilo antxoa bitartean saltzen ditugu». Hala ere dio, joera hori hasieran izaten dela: «joerak izaten dira, orain antxoa asko egoteak ez du esan nahi datorren astean asko egongo denik. Hala ere, jendeak hasierako kolpean izaten du irrika. Gero, nahiz eta prezioa mantendu, baretu egiten da herritarren nahia».

Kanpaina, martxotik ekainera
Antxoa kanpaina martxoan hasten da, eta ekainean bu­ka­tu; orduan izaten baita antxoa gehien Kantauri itsasoan. Hasiera politta izan zen aurtengoa, baina arran­tzaleen esanetan, egun gu­txiko kontua izan zen. Asteak pasa dituzte ia an­txoarik arrantzatu gabe, eta asteartean, kolpea aprobe­txatu zuten. 2 eta 6 ordu bitarteko distantzia egiten dute itsaso barrura antxoa arrantzatzeko, eta egun hauetan gehien, erdibidean aurkitu omen dute.

20.700 toneladako kopurua, arrantzatzeko
Kanpaina martxoan hasten bada ere, Europar Batasu­nak kuota edo arrantzatu dai­­tekeen antxoa kopurua 2012ko uztailaren 1etik 2013­­ko ekainera finkatzen du. Aurten %30 gutxitu dute kopuru hori, eta guztira, 20.700 tona arrantzatu litezke Bizkaiako Golkoan; ho­rietatik 16.630 Estatuak, eta gainerakoa Frantziak. Joan den urtean 6.700 tona antxoa arrantzatu ziren euskal portuetan eta Itxaspeko Joxanek dioenez, ez ziren EBk ezarritako kuotara iritsi..

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!