Hekimenek elkartasuna adierazi dio ´Argia´ aldizkariko kazetari Lander Arbelaitzi

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 24a, 02:00

Arbelaitzi elkartasuna adierazi dio eta Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi du Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkarteak. Kazetariek nahi duten ikuspuntutik informatzeko daukaten eskubidea aldarrikatu du elkarteak.

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak (tartean dago Hernaniko Kronika) elkartasuna agertu nahi dio Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari, AskeGunea hustutzeko operazioaren barruan jasotako tratua dela eta.

Hekimeneko kide sortzaileetako bat da Argia aldizkaria, eta Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean. Horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hekimenen ustez, Lander Arbelaitz informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean.

Hekimenek, gainera, guztiz ezegokitzat jotzen du Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko. Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!