Rollerrek edo patinatzaileek hasi dute denboraldia, eta zenbateko indarra hartzen ari diren ikusita, Hernaniko Kronikak eurengana jo du xehetasun gehiago jakiteko. Hain zuzen, Donosti Roller taldeko hiru kide hernaniarrek hitz egin diote Kronikari, hirurak ere patinatzea oso ezberdin bizi dutenak.
Nagore Montes eta Rafa Romero abiadura probetan aritzen dira, eta emaitza oso onak lortzen, gainera. Romerok Zumaiako proban 5garren postuan bukatu du, adibidez; aurten Behobia eta Donostiako 15 km-ak ere egingo ditu seguru, eta hara bitartean gogoratutako besteren bat ere bai. Montesek iaz Gipuzkoakoa irabazi zuen, eta Euskadikoan bigarren postua lortu du. Espainiakoan podiumera igo nahiko luke maiatzaren 4an Gasteizen. Sindi Santiagok berriz 66 urte ditu eta oraintxe gutxi hartu ditu patinak. Denborapasarako ditu patinak eta nahikoa du urtean bere neurriko proba batzuk egitea: Donostiako maratoi erdia eta Villabonakoa, adibidez. Haizea Huegun ere ibiltzen da beraiekin, slalomean edo konoetan artista bat dena. Eta gainerakoak, gehienak abiaduran konpetitzen dute: Ines Arreitunandia, Gorka Otxotorena, Garikoitz Astarbe, eta Pello Aramendi.
Donosti Roller, eskola sortu asmoz
Patinatzeak ez du mugarik, eta bakoitzak nahi duen moduan hartzen du. Norbait ilusioz baldin bada, Donosti Rollerrera jo dezake. Abiaduran entrenatzeko Astigarraga (ostegunetan) eta Portuetxen (igandean) elkartzen dira. Ezer ez dakitenentzat Ruta Gansa egiten dute astelehenero, eta motelena dijoanaren erritmoan joaten dira. Asteazkenetan egurra ematen diote, eta ostiraletan berriz, konoetan entrenatzen dute. Eskola sortzeko asmoa ere badute. Interesatuek, jo Donosti Rollerrera. Informazioa: www.donostiroller.com.
Karrerak ere, gero eta gehiago
Gero eta jende gehiago eta gero eta karrera gehiago dituzte rollerrek. Normalean kross herrikoiren batekin kointziditzen dute, eta aurtengo ezagunenak hauek:
Valentziako Maratoia (gaur), Madrileko 6 orduak (maiatzak 1), Zamudioko Parke Teknologikoan karrera (maiatzak 1), Espainiako Master Txapelketa Zirkuitu barruan (Gasteiz, maiatzak 4), Kros Berdea (maiatzak 5), Martin Fiz Maratoia Gasteizen (maiatzak 12), Le Manseko 24 orduak (maiatzak 25-26), Landetako Trabesia 220 km (maiatzak 25-26), Europako Master Txapelketa Dijonen (Frantzia, ekainak 9), Zamudio-Derio (uztailak 7), Calafateko 24 orduak (uztailak 20-21), Parisko 6 orduak (abuztuak 4), P2P (Iruña-Puente La Reina, irailak 15), Munduko Master Txapelketa Salernon (Italia, irailak 14-15), Berlingo Maratoia (irailak 28), Espainiako Master Txapelketa Maratoian (Gijon, irailak 28), Donostiako 15 km (urriak 20), Behobia-Donostia (azaroak 10). y