Maiatzaren 1eko aldarrikapenak eskualdera ekartzea erabaki du aurten LAB sindikatuak, hala jakinarazi zuen Hernaniko egoitzan emandako prentsaurrean: «langilearen borrokarako eremuan egingo da aurten, gertuko gatazkei erantzuteko, alternatiba eskualdetik eraikitzeko».
Buruntzaldeko manifestazioa Hernanin egingo da, eguerdiko 12:00etan, Gudarien Plazatik abiatuta. Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria izango da lema, eta dei egin diete langile guztiei, euren borrokara gehitzeko.
«Langileak, pobreago»
Azaldu zuten, Gobernuaren erreformek krisi ekonomikoa geroz eta sakonagoa izatea eragin dutela, eta testuinguru honetan, maiatzaren 1ak berebiziko garrantzia duela: «langileak geroz eta pobreagoak dira; eta hauen kontura, aberatsak geroz eta aberatsago. EAEn ere, EAJk aurkeztutako aurrentuak inoizko antisozialenak dira; eta horrek ondorioak ekarriko ditu, tartean, negoziazio kolektiboarekin»
Eskualdean, 2008an 2.979 langabetu; gaur egun, 4.855
LAB sindikatuak dio, eskualdeko egoera erreparatu besterik ez dagoela neurri horien ondorioak ikusteko: «2008ko abenduan 2.979 langabetu zeuden, eta gaur egun 4.855 dira; tasa %15,43koa da»
«Aldarrikapena, burujabetza politiko eta ekonomikoa»
Guztiari aurre egiteko hainbat borroka egin dituztela diote, eta horretan jarraituko dutela: «burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu. Lan harreman eta babes sozial eredu berria aldarrikatzen dugu Euskal Herrian, aberastasun banaketan oinarrituko dena».