Lan txukuna egin zuen atzo Hernanik, baina ez zen nahikoa izan VRAC Quesos garaitzeko. Talde indartsua zuten aurrean; liderra, eta ligako txapeldun izateko aukera haundia duena. Aldea nabaritu zen, baina trikoloreak defentsan serio aritu ziren eta emaitza, 27-12koa izan zen. Partidua hasterako, Vigok berdindu zuela bazekiten hernaniarrek eta ez zutenez ezer jokoan, jokatzera atera ziren. Hernanik bi entsaio egin zituen, biak bigarren zatian. Jon Olanok egin zuen lehenengoa eta Igor Genuak transformazioa. Mikel Perezek bigarren entsaioa egin zuen, 10 minutu falta zirenean. Berezitasun gisa, atzo Mikel Otxotorenak debutatu zuen eta hiru anaiek elkarrekin jokatu zuten lehenengo aldiz.
Promozioko partiduak, maiatzaren 12 eta 19an
Mailari eusteko, promozioa jokatu beharra dauka Hernanik. Ohorezko B mailako 2 kanporaketak martxan dira. Atzo Alcobendasek Sant Cugati irabazi zion eta gaur erabakiko da Independiente de Santanderren aurka jokatuko duen edo Les Abellesen aurka. Hortik aterako den finala galtzen duenak, Hernani izango du aurrez aurre. Maiatzaren 12an jokatuko du joaneko partidua eta 19an bueltakoa, etxean.
Ligako azken partidua gaur zortzi, Santboianaren aurka.