«Musikazale amorratua naiz. Musikari izatearena, ordea, istripu moduko bat da» dio Andoni Tolosa Morauk bere biografiako aurreneko orrian. Bost disko ditu kalean, kantautore gisa, eta orain, proiektu berri batean murgilduta dabil, www.arrainentzakohimnoak.org. Proiektu berritzailea da, ohiko formatuetatik urruntzen dena, baina entzuleekin edota Morauren zaleekin hartuemana, feedbacka bilatzen duena. Sormen prozesua bakartia izaten dela dio musikariak, eta modu honetara, iritziak eta sentsazioak erraz jaso ditzakeela.
Momentuz zazpi abesti berri, eta bertsio diferenteak
Maiztasun jakinik gabe, baina sortzen edo egiten dituen abesti berri guztiak igotzen ditu Morauk www.arrainentzakohimoak orrira. Abesti horietako bost lehenengo bertsioak dira, zirriborroak edo beta bertsioak alegia. Morauren helburua da jendeak abesti horiek entzutea, eta iritzia ematea.
Arrainentzako himnoak izena du proiektuari hasiera eman zion abestiak, eta kasu honetan, bigarren bertsio bat ere badago entzungai web orrian. Eta ez da bakarra, Hondarribia abestiak ere, badu dagoeneko bigarren bertsio bat. Kantu bakoitzaren lau bat bertsio egingo ditu, eta bertsio batek ez du bestea `jango´; hori bai, entzuleek gehien gustatzen zaiena aukeratu ahal izango dute.
Proiektua martxan,
urtebete inguruan
Asmoa da gehiegi ez luzatzea; beraz, proiektuak urtebete inguruko iraupena izango duela azaldu du Morauk.
Eta abestiekin zer?
Etorkizunera begira, abestiak disko batean argitaratuko diren edo ez zehaztu gabe du oraindik musikari hernaniarrak, horrek mugak jarriko bailizkioke proiektuari; hala ere, abesti guzti horiek entzuleen eskura egongo dira, diska formatuan, edo beste batean.
Abestiak, eta gehiago
Web orria bada ere, blog itxura ere badu. Bertan, ez dira Morauk sortutako abestiak bakarrik biltzen, baita bere autobiografia ere; kapitulu berri bat idazten du astero.
Proiektuaren azalpena, kantu bidez
Kantu txikiak idatziko ditut
patrikan gordetzeko modukoak
behatzen artean irristatuko diren
garraio publikorako kantuak
eta galtzen badira ongi
eta urratzen badira hobeto
belarrira kantatzeko kantuak izango dira
arrainentzako himnoak
beti berandu heltzen direnek
soinean eraman ditzaketenak
Agian orain lortuko ditut
garbigaluetarako aproposak diren kantuak
inon leku gutxi beharko dutenak
errepide alboko paisaia lausoak
eskuz kateatuak
errudunentzako baltsak
errugabeentzako polkak
kafearekin hartzekoak
auzo goiztiarren maitasun kantuak
isilpekoak baina ez ezkutuan
Ez dute zainketarik beharko
ez baitira sekula haziko
zokoren baten hondarrean
hurrengo aldira arte
eta horrela izango dira
opera berrerabilgarriak
kamikazeentzat
labelik gabeko kantuak
maskotarik ez duen jendearentzat
Zorionez memoria ere itzali egiten da
eta ez dugu enbalsamatzaile gehiago beharko
beste dozena kantutan