«Egunero igeri egiteak aktibo mantentzen nau, bizia ematen dit»

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 21a, 02:00

Vicenta Erdozain hernaniarra sasoi bete betean da 86 urterekin. Kirola du gustoko, bereziki, igeri egitea. Egunero joaten da igerilekura, goizeko aurreneko orduan, 18-20 luze egitera. Bizi kalitate ona mantentzen laguntzen dio igeri egiteak, baina Vicentarentzat zerbait gehiago da; beharra da.

`EGUNON!´ Vicenta Erdo­zain hernaniarra da, igerilekura bidean. Aski ezaguna da Kiroldegiko sarreran; goizeko 07:00­etan sartzen da egunero, hutsik egin gabe, igerilekuan joan-etorriak egitera. Eguneroko rutina horrek esna, bizirik eta sasoiarekin mantentzen duela dio Vi­centak; 86 urte ditu.

Hogei urte ingururekin ikasia igerian
Ez zuen txiki-txikitan ikasi igeri egiten. Arellanon jaio zen, eta urte luzez, Arizkun bizitu zen. Nafarra jaiotzez, baina hernaniarra sentimenduz. 68garren urtean etorri zen Hernanira eta Kaxkoan, Kale Nagusian bizitu da ordutik. Kontxara joateko ohitura zuten senarrak eta biek, eta haren bizkar gainean jarri, eta Santa Klara irlaraino eramaten omen zuen igeri. Urari zion errespetua berehala galdu zuen Vicen­tak, eta halako batean, hogei urteen bueltan animatu zen laguntzarik gabe igeri egitera. Ordutik ohitura bihurtu da, egunerokoaren parte.

Kiroldegiko aurreneko bazkideetakoa
Hernaniko kiroldegia egin bezain pronto egin zen Vi­centa bazkide, eta harro dio, aurreneko bazkideetakoa izan­­go dela bera. Ura da hernaniar honen pasioa eta igeri lasai egitea gustatzen zaio, jende askorik gabe; hori da goizean goiz joatearen arrazoia: «ordu horretan helduak joaten gara, nire modukoak. Igerilekuan joan-etorriak lasai egitea gustatzen zait, inor atzean zain dudala sentitu gabe. Eta gazteak daudenean... normalean ez da hain erraza edo erosoa izaten. 86 urte ditut, eta igeri egunero egiten badut ere, nire erritmoa dut» dio Vicentak, barre artean. 18-20 luze inguru egiten ditu egunero ordu erdian, poliki, bere erritmoan.

«Joaten ez naizenean faltan botatzen dut»
Kanpora egun pasa joan izan denean, oporretara, ebakun­tzaren bat egin diotenean, gaixo dagoenean... halabeharrez huts egin behar izan du behin baino gehiagotan Vicentak eta orduan komeriak; egun hori ez dela berdina izaten dio: «egun horretan zerbait falta zaidala sentitzen dut, ez dudala egunarekin kunplitu. Medikuak edozein gaixotasun edo minagatik astebetean igerilekura ez joateko esan izan didanean... hura sentsazioa... Behin saihetsak hautsi nituen, eta denbora luzez egon behar izan nuen geldirik. Errekuperatu nahi nuen, ondo egoteko noski, baina baita, igerilekura bueltatzeko ere». Askotan, medikuari galdetu ere ez diola egiten aitortu du: «nahiago izaten dut ezer ez galdetu eta eguneroko ohiturarekin jarraitu. De­bekatu behar badit, berak esan beharko dit, nik galdetu gabe!».

Oinez ibiltzera joatea ere, gustuko
Sasoi betean sentitzen da Vi­centa, eta ahal duenean, beste kirolen bat egitea ere gustuko du: «kiroldegitik atera eta etxera joaten naiz, ondo gosaltzera. Indarrak berreskuratu, eta mezetara joaten naiz egunero. Eta ondoren, oinez ibiltzera. Karabeltik barrena, Zubipe eta Landare pasatzen ditut. Zubia guru­tzatu, eta errekaren beste aldetik itzultzen naiz Ka­rabelera. Igogailua hartu, eta etxera. Hori izaten da egunero egiten dudan buelta; ba­tzutan bakarrik, eta gehienetan lagun batekin».

Kirola, gomendagarria
Adin guztietan da gomendagarria kirola egitea eta Vi­cen­tak, bere kintakoei gomendatu nahi die: «gorputza aktibo manatentzen laguntzen du, eta niri behintzat, bizia ematen dit».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!