Nondik dator banatzen den janari guztia?

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 21a, 02:00

Europako Erkidegoak, supermerkatuek eta herritarrek ematen dute janaria, eta guztia Oiartzungo Alimentu Bankuak gestionatzen du.

INSTITUZIOEN, enpresa haun­dien eta txikien eta banakakoen laguntza ezinbestekoa da EBTren gisako taldeek funtziona dezaten. Kasu honetan, behartsuei janaria banatzeaz ardura­tzen da talde hernaniarra. Baina nondik dator janari hori guztia?

Europatik, urtean hirutan
Banatzen den janariaren zati haundi bat Europako Erki­de­gotik etortzen da. Lau hilabetero iristen da, urtean hirutan, eta epe luzera kadukatzen diren produktuak bidaltzen dituzte, batez ere: kontserbak, olioa, atuna, arroza, pasta... Azken bi hauek fijoak izaten dira, beti iristen diren horietakoak; besteak aldatu egiten dituzte, hiruhilekoaren arabera. 0-2 urte bitarteko umeen­tzat banatzen diren produktuak ere, Europako Er­ki­de­go­tik iristen dira, hala nola, esne hautsa, potitoak, zerealak...

Supermerkatu haundiek, jarrera positiboa
Supermerkatu haundien ja­rre­ra positiboa ere azpimarratu du Rodriguezek. Hauek, kadukatzear dauden produktuak ematen dituzte, yogurrak, esnea, enbutitua, gazta eta mantekilla esaterako. Fruta eta barazkien ka­suan, ukituak daudenak ema­ten dituzte. Horrez gain, supermerkatuetan bertan kanpainak egiten uzten dute, herritarrek nahi duten produktuak erosi eta eman ditzaten. Kanpaina hauetan ere, supermerkatuek janaria ema­ten dutela azaldu du Rodriguezek.

Guztia, Alimentu Bankura
Jasotzen den janari guztia Oiar­tzungo Alimentu Ban­kura eramaten dute, eta handik banatzen da elkarte edo talde ezberdinetara, tartean, Hernaniko EBTra.

Alimentu Bankutik, Gabriel Zelaiara
Hilabeteko aurreneko bi as­telehenetan jasotzen du EBTk janaria Alimentu Ban­kutik. Enpresa bat dute kontratatuta janaria Gabriel Ze­laia­ra ekartzeko. Guztia Hernanin dagoenean hasten da boluntarioen lana. Fur­goneta edo kamioiak deskargatu behar dituzte lehendabizi, eta guztia entregatzeko mo­duan jarri ondoren: ustelak alde batera utzi eta paketeak egin arra­tsaldeko banaketarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!