FRUTAK, barazkiak, kontserbak, olioak, esnekiak... janariz betetako poltsak jasotzen dituzte hilean behin 450 hernaniarrek. EBT taldea sortu dute AMHER, Caritas eta Eliza Ebanjelikoak eta urte hasieratik elkarlanean ari dira, janaria banatzen, gehien behar duten hernaniarren artean. Egiten duten lana ez da berria Caritas eta Eliza Ebanjelikoarentzat, lehendik ere, orain 20 urte ingurutik, ari baitira zerbitzu hori ematen. Orain indarrak batzea erabaki dute, eta AMHER elkarte hernaniarra ere lagun dute bide berri honetan. Zerrenda bat moldatu dute, beharra duten hernaniar guztiekin. Eta bide batez, hiru taldeak elkarrekin egonda, lortu dute janari banaketan bikoizketarik ez egotea; hau da, familia edo pertsona bakoitzak hilean behin jasotzea dagokiona, eta ez behin baino gehiagotan. Hernaniko Udalarekin ere bildu dira, eta ordutik elkarlanean ari dira. Plana azaldu zieten, eta momentuz, lokala utzi diete, Gabriel zelaian, janaria antolatu eta banatzeko. Ongintzaren laguntza ere badute; janari beharra duten herritarrek bertara jo dezakete, eskaera egin, eta listetan sartu ahal izateko.
Aurretik apuntatuta
Herriko familia behartsuenei banatzen diete janaria, baina ezin du edonork joan. Aldez aurretik apuntatu egin behar dute, benetan beharra dutela ziurtatu ahal izateko. Karitasek, Eliza Ebanjelikoak eta Ongintzak egiten dute lan hori. Bizikidetza ziurtagiria aurkeztu behar dute, zein diren, non jaio diren, zein urtetan... «beharrezko informazioa eskatzen diegu, eta galdera batzuk ere, egiten dizkiegu: zein egoeratan dauden, diru sarrerak, gastuak... jasotako informazio guztia aztertu eta balorazio bat egiten dugu, eta horren arabera, zerrendan sartzen dira» azaldu dio Kronikari Joxan Rodriguezek, EBTren izenean.
Zerrendak urtean behin errebisatzen dituzte. Norbaitek lana bilatuko balu, utzi egingo luke; egoerak berdin jarraituko balu, edo okerrera egingo balu, orain arte bezala jarraituko lukete.
Poltsa bat, hilean
Hilean bitan egiten dute banaketa, baina familia bakoitzak hilean behin jaso dezake dagokion janaria. Bizi diren kideak ere hartzen dituzte kontuan, familia bakoitzak behar duen poltsa kopurua izan dezan.
Elikagaiei dagokienean, hiru motatan sailkatuta jasotzen dituzte. Batetik, Europatik etortzen direnak; batez ere, kontserbak. Bestetik, Oiartzungo Alimentu Bankutik ekartzen dituztenak, hala nola, lentejak, garbantzuak... Eta baita epe motzean txartzen direnak ere: fruta, barazkiak, yogurrak, esnea...
Joxan Rodrigezek dio, janari hori behartsuen hilabeteko elikaduraren oinarria izaten dela, eta horri esker, beste zerbait erosteko ahalmena izaten dutela: «ematen dieguna, normalean, ez da nahikoa hilabetea pasatzeko. Haragia, arraia... ere beharrezkoak dira. Poltsetan jasotzen dutena oinarrizkoa da, laguntza txiki bat; horri esker sobratzen zaien diru apurrarekin haragi edo arrai pixka bat eros dezakete».
Urtarriletik eskaera
kopurua bikoiztu
220 pertsona inguruk jaso zuten janaria urte hasieran, eta hilabeteek aurrera egin ahala, gora dijoa kopurua. Apirilean 450 pertsona ingururentzat banatu dute janaria; hortaz; lau hilabeteetan bikoiztu egin da eskaria: «hilero eskaera berriak daude, eta tendentzia hori da momentuz, ez da gelditu. Astelehenean bertan, janaria banatzen hasi aurretik zerrendak errepasatzen ari ginela, konturatu ginen hilabete honetan ere bazeudela berriak».
Bertakoak,
geroz eta gehiago
Perfilari buruz galdetuta, Rodriguezek dio, oso zabala dela, ez dagoela perfil konkreturik: «Musulmanak, latinoak, ijituak... horiek dira urte batzuetatik hona gehien etortzen direnak. Bertako jendea ere etortzen da; lehen ez hainbeste, orain ordea, gehitzen ari da; geroz eta gehiago».
50 boluntariotik gora, laguntzeko prest
EBTk egiten duen lan guztia ez litzateke posible boluntariorik ez balego. Hori bideratzeko deialdi bat egin zuten martxo hasieran, Sandiusterrin, eta erantzuna apartekoa izan zen. 50 boluntario inguru ari dira egun laguntzen: «erantzuna ikaragarria izan zen, jendea jarrera onarekin etorri da, laguntzeko prest, eta hori inportantea da. Hernani herri solidarioa da, arlo guztietan laguntzeko prest dagoena».
Boluntarioak lau taldetan banatu dituzte, bakoitza funtzio batekin. Bik goizetako turnoa egiten dute, txandaka: kamioia deskargatzen dute, elikagaiak sailkatu eta poltsak prestatzen dituzte, arratsaldeko banaketarako. Arratsaldeko turnoaz arduratzen dira beste biak, hau da, elikagaien banaketaz.
Ateak zabalik
laguntzeko prest
dauden guztientzat
Boluntario izan nahi duen edonork ditu ateak zabalik; horretarako EBT taldeko kideren batekin kontaktuan jarri besterik ez du: «bakoitzak ahal duen eguna eta turnoa aukeratu dezake; eta noizbait ezin badu, ez da ezer gertatzen. Lehen hiru elkarte ginen, eta orain bakarra gara, helburu berarekin. Elkartea irekia dago, ateak zabalik ditugu, edonor izan daiteke kide. Norbaitek laguntzeko gogoa badu, etorri besterik ez du».