Zapata gorriak izeneko antzerkia antolatu du Udalak gaur, haurrentzat. Goizeko 11:00etan hasiko da emanaldia, Biteri kultur etxean. Ikuskizuna, Patata Tropikala taldeak eskainiko du.
Amesgaiztoen Magoa ametsak lapurtzen
saiatuko da...
Istorio honetako zapatariak, zapatak konpotzen eta egiten pasatzen du eguna. Baina ez ditu edonolako zapatak egiten; izan ere, ezin ditu edozeinek jantzi... Janzten dituenak ausarta izan beharko du, sentimenduak ondo ezagutu beharko ditu eta burua behar bezala erabiltzen jakin beharko du...
Ametsek zapatak probatuko ditu eta handik aurrera abentura batean sartuko da. Abentura honetan, Rem ezagutuko du eta hark kontatuko dio Amesgaiztoen Magoak ametsen jabe egiteko asmoa duela. Ezbehar horri aurre egiteko, zapatak Ametsen Magoari eman beharko dizkio. Horretarako, hainbat proba gainditu beharko ditu. Ametsek lortuko al du helburua eta umeek imajinazioa galdu ez dezatela lortu?
Antzerki honetan, imajinazioa, umorea eta kolorea ez dira faltako. Txotxongiloek ere izango dute tartea.
Patata Tropikala, Bartzelonan sortua
Patata Tropikala taldea Bartzelonan sortu zen 2008an. Judith Poves eta Iker Etxarrik jarri zuten martxan eta gaur egun, Irunen daude. Denera, 5 antzezlan sortu dituzte euskeraz: Baso sorgindua, Mendiko altxorra, Amona Joxeperen istorioak, Pirata garrapataren abenturak eta Zapata gorriak.