Fiare Banku Etikoa Euskal Herrian sortutako proiektua da. Nola izan zen prozesua?
Bai, Euskal Herrian sortutako proiektua da Fiare, gero Estatu osora zabaltzen joan dena. Bilbon sortu zen orain 8 urte inguru, Bilbo eta Bizkaia aldeko hainbat GKEk egindako hausnarketa baten ondorioz. Lanean zituzten baloreak ez zetozen bat finantzak gestionatzeko moduekin, eta beste modu bateko tresna finantzieroak sortzearen alde egin zuten.
Banka etikoa dela diozu, baina baita herritarra ere. Zertan?
Kreditu kooperatiba sortzeko behar den dirua herritarren aportaziotik jasotzen delako; eta antolaketa eredua ere erabat banatua delako, Tokiko Taldeetan oinarritua. Proiektuaren indarra eta potentziala hori da. Fiare eta BPEk (Italiako Banca Popolare Etica) osatutako kooperatibak bazkide asko izango ditu, 50.000 inguru hasieratik, horietako 5.000 Estatuan, eta 2.000 Euskal Herrian. Herriko izaera mantendu nahi bada, Tokiko Talde indartsuak behar dira, erabakitzeko eskubidearekin.
Zertan ezberdintzen da ohiko banku eta aurrezki kutxekin?
Tokiko Taldeen egitura alde batera utzita, izaera demokratikoa, etikoa eta irabazi asmorik gabekoa izatea da alderik haundiena. Demokratikoa, bazkide bakoitzak bozka bat izango duelako, jarritako kapitala kontuan izan gabe. Etikoa, produktu etikoak eskainiko dituelako, espekulazioan oinarritutako produktu eta negozioak baztertuz; balorazio etikoa pasatzen duten proiektuak bakarrik finantziatuko dira. Eta azkenik, irabazi asmorik gabekoa izango delako.
Kreditu koperatiba bidez funtzionatuko du. Zer finantziatu ahal izango da kreditu horiekin?
Hasieran elkarte edo enpresen proiektuak finantziatuko dira; oinarri etikoak betetzen dituztenak, eta ekonomia errealekoak. Erabat kanpo geratzen dira proiektu espekulatiboak. Bi balorazio pasa beharko dituzte: bideragarria den edo ez; eta balorazio etiko eta soziala. Etorkizunean partikularrek finantzazioa eskatu ahal izango dute.
Irabazi asmorik gabeko bankua dela diozu. Posible al da?
Bankuaren Kapital Sozialaren helburua ez da interes monetarioa ateratzea, diru hori helburu sozialetarako erabiltzea baizik. Horregatik kreditu kooperatibaren urteko irabaziak proiektuan bertan inbertituko dira; ez dira dibidendo bezala banatuko.
Herritarrak diozu direla banka honen oinarria, baina hauen konfiantza izatea ez da lan erraza. Zergatik Fiaren konfiatu?
Proiektu herritarra eta partehartzailea delako. Konfiantza ezagutzak eta transparentziak emango du, eta horretarako daude bazkideak eta Tokiko Taldeak. Erakundeen partehartze soziala ere garantia da. Bestalde, esan nahi dut garai hauetan herritarrek sortutako proiektuetatik bakarrik lortu daitekeela etorkizun hobea.
Hitzaldia antolatu duzue gaur herritarrei proiektua azaldu, eta Hernanin talde bat sortzeko. Zein izango da talde horren
helburua eta eginbeharra?
Lehenengo lana Fiare proiektua ezagutaraztea izango da, eta Tokiko Taldea finkatzea. Lan asko dugu aurretik, herritarrengan konfiantza irabazi eta proiektuaren beharra zabaltzeko. Kooperatibaren egituran partehartzea tokatuko zaie ondoren; eta aurrera begira kooperatibaren tokiko lana jarraitzea, finantziazioetan iritzia ematea eta zabalpenean jarraitzea.