Larunbat eta igandetako plana izaten zen hernaniar eta inguruko herrietako gazte askorentzat, Young Play diskoteka: bakarka dantza Dj-aren erritmora eta ondoren, lentak, elkarrekin goxo-goxo dantzatzeko.
Young Play makrodiskotekak makina bat jende eta istorio bildu ditu urte hauetan eta bikote ugari ere sortu dira bertatik. Orduko aforoaren arabera, 8.000 lagun inguru sartu zitezkeen eta betetzea ohikoa izaten zen. Hainbeste pasadizo bildu dituen txokoari agur esateko garaia iritsi da, ordea. Aurreko astean, astearte eta asteazkenean, diskotekaren zati bat bota zuten, sarrera nagusia zeukana.
Galarretako errotondatik Oriamendirako aldapan, aldaketak
Udalak obrak egingo ditu Galarretako errotondatik Oriamendiko aldapan zehar. Errepidea zabalduko du, bidegorria egingo du eta instalazioak berrituko ditu. Horrez gain, errotonda bat egingo dute bigarren zinturoiaren tunelaren parean. Obra horiengatik bota dute diskotekaren zatia. Errotonda, aurrerago egingo diren proiektuekin lotzeko izango da: poligonoak... Aurrerago, beste errotonda bat ere egingo dute, Errekalde bidean, zerrategi inguruan.
Udal Artxiboaren arabera, 1974an zabaldua
Zenbait komunikabidetan Young Play 1964an ireki zela azaldu da, baina Udal Artxiboko datuen arabera, eraikuntza espedientea 1973-1975 urteetakoa da, beraz, urte horietan eraiki eta ireki zen. Publikoarentzat 1974an ireki zela uste da. Hori horrela, datorren urtean 40 urte beteko zituen.
3 etapa
Hernaniko diskoteka ezagunak etapa ezberdinak bizi izan ditu urte hauetan. Andres Anaudek ireki zuen, pub, diskoteka eta taberna ezberdinen jabea zenak. Ondoren, Juanjo izeneko batek erosi zuen eta hark egin zituen urte gehiena. 2005an utzi zuen eta ondoren, frantses batek eta beste sozio batek hartu zuten. 2006an itxi zen. Izenak ere, hiru izan ditu diskotekak. Juanjo nagusi izan zen garaian, 2000 inguruan, diskoteka gainbeheran hasi zen eta itxura aldatzea erabaki zuen. Orduan, Play izatera pasa zen. Hurrengo aldaketa, Juanjok utzi zuenean izan zen. Play the Music izena jarri zioten.
Asteburuetako musika saioez gain, beste hainbat ekitaldi ere egin dira Young Playn: makrofestak, modelo desfileak, erakusketak, bertso saioak... Llongueras pelukero ezagunak ere egin izan du erakusketa.
Garai bateko talde ezagunak eta egungo Dj ezagunak
Hasierako urteetan, momentuko musika talde eta banda ezagunen emanaldiak izaten ziren Young Playn. Azken urteetan, berriz, egungo Dj ezagunak aritu dira musika jartzen: Willy Da House, Monica X, Jesus Play, Dj Nano...
Materiala, biltzen
Diskotekaren azken urtean, sare sozialak lantzen hasi ziren eta Facebooken kontua ireki zuten. 2006an, Play the Music itxi zenean, kontua geldirik geratu zen, baina 2010ean, martxan jarri zuten berriz. Material ugari zegoela eta, igotzea pentsatu zuten. Argazkiak ikusi eta orduko saioak entzun daitezke. Facebooken Discoteca Young Play jarrita azaltzen da. Materiala biltzen ari dira oraindik.