festa berezia izango da gaur Ziburun, lehendabiziko aldiz iheslari politikoen eguna ospatuko baitute bertan, Hernaniko hainbat eta hainbat lagunek. Egoera horretan dauden Hernaniko 6 herritar bizi dira gaur egun Ipar Euskal Herrian, eta haiei babesa azalduko diete Hernanitik joango diren herritarrek. Egun guztiko festa izango dute. Goizeko 11:00etan zita dute Garinen, eta autobusean joango dira Ziburura. Han, 12:00etan dute zita. Ekitaldia izango dute han, Ziburuko Herrikoaren ondoko plazan. Iheslariek beraiek hitz egingo dute, eta gero bertsolari, dantzari eta abar izango dira. Herri bazkaria egingo dute, plaza hartantxe bertan, eta ondoren festa giroan egongo dira, gaueko 21:00ak aldera arte.
«Konponbideak iristean bueltatuko gara»
Askatasun airea dabil lemarekin hasieran, deialdia egin zuten iheslariek Pausun bilduta, eta beste hainbat hernaniar aldamenean zituztela. Bertan adierazi zuten iheslariak ez direla biktima, borrokalariak direla, militanteak, eta baldintza zailetan bizitzea egokitu zaiela. «Etxea utzi genuen, berriz libre itzultzeko... eta konponbideak iristean itzuliko gara».
‘Herria dugu arnas’, ekainean
Datorren ekainean ekimen berria egingo dute Lapurdin, eta Herria dugu arnas izena jarri diote. «Herria gurekin daramagu, eta behar dugu, gure arnasa delako...».