Langabezia hitza izan zen atzo Rafaela Romerok gehien azpimarratu zuena, Hernaniko Casa del Pueblon emandako hitzaldian. «Langabezia da Gipuzkoako familiek bizi duten dramarik gogorrena, eta langabeziaren kontrako borroka da, gure prioritatea».
PSE-EEko bozeramaileak eta Batzar Nagusietako juntakideak hitz egin zuen atzo, 20 lagun ingururen aurrean, eta gustora azaldu zen 2013ko Gipuzkoako Presupuestoetarako lortu duten akordioarekin. «Talde guztiak gai baten inguruan elkartzea lortu dugu, eta hori oso positiboa da guretzat».
Lanpostuak sortzeko plana
Romerok adierazi zuenez, PSE-EEk krisiaren kontrako proposamena egin zuen presupuestoetan sartzeko, eta onartu egin da proposamen hori. «Lanpostuak sortzeko proposamena da, eta ekonomia sustatzekoa. Guk proposatu dugu diru fondo bat sortzea horretarako eta onartu egin da. Gainera, lortu dugu, hain garrantzitsua den gai baten inguruan alderdi guztiek bat egitea, eta hori ere, neurri batean, gure ahaleginaren emaitza izan da».
Lan egiteko modu berri bat
Orain artean Gipuzkoa Aurrera bezalako presupuestoak egiteko modua erabat atzerakoia zela adierazi zuen, eta beraien proposamenean 40 talde eta eragilek parte hartu dutela, «lan egiteko beste modu bat badagoela erakutsi dugu».