«lomce legearen kontra borrokatu nahi dugu, eta baita euskal hezkuntza publikoaren kontrako murrizketen kontra ere». Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean salaketa hori egin nahi dute Hernaniko hezkuntzarekin lotutako bi taldek: Denon Hezkuntza eta Hezkuntzan Geu Eragile. Bi talde horiek diotenez, «abiapuntuan ditugu ikastetxeak eta bertako eragileak, alegia, ikasle, guraso, eta langile guztiak».
«Errebalida, elitismoa eta españolizazioa inposatu nahi dizkigute»
Murrizketen kontra eta LOMCE legearen kontra daude bi taldeak, hemengo hezkuntzaren kalitatea zapuztuko dutelako, eta baita euskalduntasuna eta herritarren aukera-berdintasuna ere. «Horren ordez, merkantilismoa, errebalida, elitismoa eta españolizazioa inposatu nahi dizkigute. Euskal Herritarrak gara eta geure hezkuntzaren aldeko apustua egiten dugu».
Kalejira Donostian
Alderdi Ederren protesta kalejira bat egingo dute datorren larunbatean, 12:00etan, eta hernaniar guztiei dei egin diete bertan parte hartzera. «Animatu nahi ditugu ikasle, guraso, irakasle eta langile guztiak, musika, kantua eta bertsoaren bidez geure hezkuntza eredua defendatzera».