Udalak eta Fiarek hitzarmena sinatu dute, «herrian oinarritzen den banka bultzatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 18a, 02:00

Herritarrak direla oinarria azaldu zuten atzo eta Hernanin taldea sortzeko asmoz, hitzaldia antolatu dute asteazkenean, 19:00etan udaletxean. Udalak 1800 euroz lagundu du proiektua.

«Banka herritarra da Fiare, herrian oinarritzen den banku sistema, eta hori bul­tzatu nahi dugu. Oraindik eta gehiago, gaur egun bizi dugun krisi egoeran. Beste eredu bat posible dela erakutsi nahi dugu», azaldu zuen atzo Luis Intxauspe alkateak. Hernaniko Udalak eta Fiare elkarteak hitzarmena sinatu zuten atzo eta horren harira egin zituen adierazpenak Intxauspek. Udalak, 1800 eurorekin lagundu du proiektua.

«Tokiko taldeak sortu nahi ditugu, gure izaeraren oinarria da»
Beñat Irasuegi Oarsoaldeako taldeko kidea ere, hitzarmenaren sinaketan izan zen atzo, eta akordioagatik asko pozten zela azaldu zuen: «Uste dugu instituzioek paper garrantzitsua dutela Fiare bezalako proiektuetan, babesa eta legitimitatea ematen dute. Banketxea herritik hastea ez da erraza, beraz, babesa garrantzitsua da». Horrez gain, azpimarratu zuen, tokiko taldeak sortu nahi dituztela: «Hori da gure helburua, gure izaeraren oinarria da». Eta Hernanin ere sortu nahi dute taldea. Horretarako, eta Fiare proiek­tua aurkezteko, hitzaldia antolatu dute. Datorren asteazkenean izango da, hilak 24, udaletxeko Areto Nagusian, 19:00e­tan. Alkate­ak ere herritarrei dei egin zien: «Bertan azalduko dugu zer den, zertan oinarritzen den... Herritarrek proiektua ezagutzea garrantzitsua da, proiektua landu eta garatzeko beharrezkoak dira».

Kreditu-kooperatiba sortzeko helburua
Abenduaren 20ko Plenoak onartu zuen Udalaren eta Fiare elkartearen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea. Fiarek, banku etikoen irizpideak jarraituz egingo du lan eta kreditu-kooperatiba bat sortzea izango du helburu. Eta gogorarazi dute, kreditu-kooperatiba bat sortzeko oinarria, herritarrak direla; biztanleria.

Fiare, irabazi asmorik gabeko elkartea
Fiare 2006 urtean sortu zen eta irabazi asmorik gabeko elkartea da. EAE mailan egiten du lan, hau da, Gipuz­koa, Bizkaia eta Araban. Hain zuzen, EAEko hirugarren sektorean eta gizarte eta elkartasun ekonomian lan egiten du­ten pertsonak eta erakundeak biltzen ditu. Bere helburua, honakoa da: «Lan egiten du­gu eta laguntza ematen dugu, EAEn finantza-bitartekaritza etikoa ezartzeko, eta horretarako, diru laguntzak eta fondoak lortzen ditugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!