Borondatezko lan asko egin du Hernanik etorkinei laguntzeko, eta horri buruz ariko dira bihar, Biterin, 19:00etatik aurrera. Orokorrean landuko dute borondatezko lana, eta zehatzago Hernaniko kasua; Amher elkartearen 10 urteko ibilbidea.
Biharko hitzaldiarekin jendea animatu nahi dute, borondatezko lanera, «alde guztiak aberasten dituelako; laguntza jasotzen duena, eta laguntza ematen duena». Hitzaldi hasieran Gizaldeko kideek hitz egingo dute, eta gero Amherreko kideak ariko dira.
Borondatezko lana,
gizartearen baloreetako bat
Gizaldeko kideek hitz egingo dute borondatezko lanari buruz. Zer ematen dio gizarteari? Zer ematen dio boluntarioari berari? Amherreko kideek horrela diote, «denari prezioa jartzen zaion garaiak bizi ditugu, eta gizartearen joerak eskatzen digu beste aldera begiratzeko; ez solidario izateko; ez laguntzeko. Hala ere, jende bat bada alderdi solidarioa erakusten duena, eta bere abildadeak besteei laguntzeko erabiltzen dituena. Joera solidario horrek gizartea aberastu egiten du, humanoago bihurtu».
Amher, eta Hernaniko hainbat talderen lana
Borondatezko lanari buruz asko dakite Amher-Sos Arrazakeria taldeko kideek. Aurten 10 urte bete ditu taldeak, eta ibilbide horri buruz ariko dira bihar. «Beste herrietatik datozen pertsonei lagundu nahi izan diegu integratzen, herri honetan eta gizarte honetan. Era berean, lan egin dugu integrazio hori denontzat aberastasun izan dadin. Horrek guri ere asko eman digu. Prozesu horretan, gure taldea bakarrik ez, beste hainbat taldek ere lagundu dute: etorkinak etxean hartzetik, babesa eman, euskeraz erakutsi, paperak egiten lagundu... Hitzaldi honekin eskerrak eman nahi ditugu, eta jendea animatu, borondatezko lanera».