«Hipotekak ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko gaude»

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 15a, 02:00

Hernaniko Kaleratzeak Stop taldea martxan da eta herritarren eskura jarri da. Izan ere, Udalak lokal bat utzi dio Latsunben, telefono eta ordenadorearekin, eta interesa duenak bertara jo­tzeko aukera du. Astelehen, astearte eta ostegunero izango dira bertan.
Kaleratzeak Stop taldea martxan jarri da, «hernaniarrei argitzeko, beraien hipoteken letra txikien klausula ilunak. Dena dela, arreta berezia jarri nahi dugu hipoteka kredituak ordaintzeko zailtasunak dituztenengan eta, batez ere, premia haundiagoa dutenengan, hau da, kaleratzea gertu edo kalera­tze prozesuaren hasieraren berri izan dutenengan», azaldu dute.

«Deigarria egiten zaigu, gazterik ez izatea»
Kaleratzeak Stop taldetik adierazi dute, deigarria egiten zaiela hernaniar gazterik ez izatea taldean: «Gure ustez kaltetuak dira, agian, ez zuzenean hipotekekin, baina bai lan egoera eta egoera sozialarekin. Egoera horrek belaunaldi baztertu bat izatea bultzatzen du. Gure herrialdean alokairuzko etxebizitzen arrazoizko eskaintza oso eskasa denez, gerta liteke etxetik alde egiteko adinaren bataz bestekoa Europan 19 urtekoa izatea, eta hemengoa, 31 urtekoa, betirako».

Bilera, ostegunero

Azpimarratu dute, Hernani­ko taldean lan egin edo taldearen lanaren informazioa jaso nahi duten guztientzat, bilera egiten dutela ostegunero 19:00etan, La­tsun­beko lokalean. «Herritar guztiak ongi etorriak izango dira».

Harremanetarako:
Latsunbe auzoa, 42 eraikuntza, Transpakar.
943 33 65 83
stopdesahucioshernani@nodo50.org
Ordutegia: astelehenetan,
18:00-20:00.
Astearte eta ostegunetan,
10:00-13:00.  
Taldeko bilera: ostegunero
19:00etan, Latsunben.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!