«Mugimendua eta kolorea gustatzen zaizkit koadroetan»

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 14a, 02:00

Klasikoak maite ditu baina batez ere inpresionismoa du gustoko Nekane Lasarte errenteriarrak. Bere koadroak alaiak dira, eta oso kolore bizikoak. Erretratuak baditu, autoerretratuak, paisajeak, eta loreak... Loreei miresmen berezia die Lasartek, baina denetik ma­rraz­ten du; Lasartek berak dioen moduan, «pintore batek denetik marraztu behar du». Asteartetik aurrera pintura erakusketa jarriko du Herna­nin Nekane Lasarte pintoreak. Apirilaren 30era arte erakutsiko ditu Biteriko erakusketa gelan 20 koadro inguru, azkeneko urteotan eginak.

Morisot, Cezanne, Matisse...
Abstrakzioa ez du gehiegi maite Lasartek; nahiago ditu lehenagokoak, baina batez ere, inpresionistak. Berthe Mori­sot asko gustatzen zaio, edo Joa­quin Sorolla valentziarra. Paul Cezanne «izugarria» dela dio, eta nola ez, Cezanne bera urteetan miretsi zuen Henri Matisse. «Inpresionistek mu­gi­mendua ematen diote koadroei, pertsonaiei, eta niri mu­gimendua gustatzen zait koadroetan». Zenbait arte adituk dioen moduan, «pintzelada askea» dauka Lasartek berak ere, kolore oso bizikoa. Hala­xe­koak dira bere koadroak, berak aitortzen duen moduan, Urgulletik itsasoari egindako koadroa aurrean duela: «kolore biziak bila­tzen ditut. Arratsalde hartan, eguzkiak kolore arroxa eman zien olatuei. Nik hori ikusi nuen behintzat! Eta nire begiek ikusitakoa pintatu nuen».

Erretratuak eta loreak
Egunean lau orduz lan egiten du errenteriarrak, eta horren emaitza bistan da Donostiako pisuan. Koadro asko; bereak eta berari oparituak; berari Parisen egindako bat ere bai... Autoerretratu bat ere badu, eta erretratuak asko. Bere ilobaren hainbat baditu, alaiak, espresiboak, dotoreak... Eta omenaldi gisara egindako batek atentzioa ematen du: dantzari bat, frontoi batean aurreskua dantzatzen. «Maite Egiguren da, dantzaria eta nere oso laguna. Haren omenez egina da». Loreekin sentimendu berezi bat du artista errenteriarrak. «Askotan pintatu ditut loreak, eta ez dira errezak. Argazkia ateratzen diet, eta handik marrazten ditut; bere tokian gustatzen zaizkit, naturan dauden moduan».

Gaztetatik, pintatzen
Ofizioz abeslaria bada ere, artista polifazetikoa da La­sar­te, eta azken zortzi urteak pinturan murgildurik dabil. Dena dela, beti marraztu izan du. 15 urterekin lehenengo ikasketak egin zituen; 16rekin Cobreros Uranga irakaslearekin; eta gero, Parisen egin zituen 12 urteetan, zaletasun horretan asko sakondu zuen. 15 erakusketatik gora jarri ditu azken urteotan.

Nekane Lasarte Makulegi, goi mailako sopranoa. Orain ordu gehienak pinturari eskaintzen dizkio, baina Lasarte musikari profesionala izan da urteetan. Donostian eta Parisen egin zituen musika ikasketak. Pizkundeko nahiz barrokoko musikari heldu dio, batez ere. 1949tik 1960ra bitartean, 250 emanaldi inguru eskaini zituen Etorki, Stella Maris eta Uso Txuri abesbatzekin. 1961etik 1965era bitartean, aldiz, Nadia Sauvageren Com­pag­nie Grand Siècle taldearekin kantatu zuen (1.500 emanaldi). 1980 urteaz geroztik, Espainiako eta Euskal Herriko orkestekin kantatu izan du. Kantaldiak eskaini ditu Euskal Tele­bis­tan, Fran­tzia­koan, Belgikakoan, Alemaniakoan eta Espainia­koan. Kantu-irakasle izana da, baita oso gogoko dituen Erdi Aroko eta Pizkun­deko musikan aditua ere. Garai horietako musika lantzen duen Eresmin Abesbatza sortu zuen, 1994an. Adineko la­gunez osatutako bi abesbatza ere zuzendu ditu. Eresmin abesba­tzarekin Lau Haizetara diskoa kaleratu zuen 2000 urtean, antzinako musikari eskainia. (*Iturria: Lur hiztegi entziklopedikoa. Informazio gehiago: Auñamendi entziklopedian)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!