Eskubaloiaren urte ahaztezinak, argazkietan bilduak

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 14a, 02:00

Hamar urte pasa dira Her­na­nin eskubaloian jokatzen ez denetik. Ordura arte or­dea, kiroldegia bete egiten zuen eskubaloiak. 1944an hasi, eta 2003ra arte ehundaka talde eta milaka hernaniar pasa ziren taldetik. Ohorezko mailan jo­katu zuten emakumeek 1983­tik 1997ra arte, eta gizonek bigarren mailan, hain­bat eta hainbat urtetan. Hernaniar askoren ahaleginarekin, etenik gabe segi zuen eskubaloiak ia 60 urtean; ba­tzuetan olatu gainean eta besteetan itoago. Orain, azken partidua jokatu zela 10 urte pasa direnean, jokalari ohiak elkartu dira, urte ahaztezin haiek bil­tzeko asmoz. Argazki bilduma bat egingo dute, eta DVD bat, eta eskubaloiaren festa haundi bat antolatzen ari dira irailaren 21erako. Argazki bilduma egiteko, eskubaloian ibilitako guztiei eskatu diete, etxean dituzten argazkiak pasatzeko (kopia egin eta bueltatu egingo zaizkie): Udal Artxiboan utzi edo emailez bidali: hernanieskubaloitaldea@gmail.com. Dei egin dute baita ere, iraileko festara apuntatzeko. Triki-Poteoa, taldeko argazkia, bazkaria eta festa izango dira.


Lehenengo remesa Txantxillan, 11 jokalarirekin
«Futbolean bezala, baina es­kue­kin», hori da eskubaloia, zenbaitek dioenez. Eta arrazoi emango diete 1944an Herna­ni­ko eskubaloiaren ha­siera ezagutu zutenek. Txan­txi­llan jo­katzen zuten or­duan, 11 la­gu­nek talde bakoi­tzean. Hala hasi, eta gero murriztu ziren jokalariak. Tilosetako frontoian jokatzen ziren partiduak gero, eta ge­roago Atsegindegin. Ondo gogoratzen dituzte Atse­­gin­degiko kontuak Amaia Irao­lak, Sergiok eta abarrek: «Biteri azpian ziren bestuarioak, eta han Santinek zuen gimnasioan ere ibiltzen ginen. Porteriak berriz Tiburtzio Agirre alkate izandakoaren etxe-atarian egoten ziren, eta guk geuk jartzen genituen. Atsegindegi bete egiten zen; inguruko hesia tapatu, jendeak kanpotik partidurik ez ikusteko, eta gero sarrera saltzen zitzaion sartu nahi zuenari. Miguel Lujanbiok lan ederra egiten zuen orduan ere!». Gudarien plazan ere jokatu zen partidu bat, Hernaniko bi kluben artean, kiroldegi berria eskatzeko. Eta eskatu eta lortu. Kiroldegia egin, eta Hernaniko eskubaloiak loraldia izan zuen.


Academia Aden-etik Europara
Emakumezkoen taldeak lorpen haundiak egin zituen. Aca­demia Adenen sortu zen lehenengo taldea 1974an, eta geroago hasi zen CD Hernani izenarekin. 1983an Univer­sitarias taldearekin elkartu, eta Ohorezko mailan joka­tzen hasi zen. Universitarias taldeak jendea falta zuen, eta Hernaniri eskaini zion berarekin elkartzea, bestela maila galduko zutelako. Horrela, Universitarias-Hernani izan zen hasiera batean, eta gero pasa zen Hernani izatera. 1997ra arte Ohorezko mailan jokatu zuten, eta tartean, urte askotan, Europan: Portugal, Alemania eta Suedian jokatu zuten. «Urte haietan jende oso onak jokatu zuen Her­nanin: Reyes Karrere, Ane Ka­rrere, Carmele Maka­za­ga... Fitxajeak ere izan ziren: yugoslaviarrak, errusiarrak, estoniarrak eta frantses bat ere bai». Hala ere, denen gainetik bat aipatzen dute nesketan: Ausra Zukhene lituaniarra. «1990-91n jokatu zuen Hernanin; hura beldurgarria zen. Denbora gutxi egin zuen Hernanin». Hernaniarrak ere maila haundia lortu zuten, eta horietatik badira bi selekzioa­rekin jokatu zute­nak: Lurdes Lekuona emakumezkoetan eta Juanito Artu­za­munoa gizonezkoetan. Artuza­muno­ak beste talde batzuetan jokatu (tartean Bidasoa) eta Hernanin bukatu zuen eskubaloi bizitza. Lekuonak Dinamarkako mundialetan jokatu zuen selekzioarekin. Patxi Pagoaga da beste bat, denek gogoratzen dutena. Por­tero mutrikuarrak ere Herna­nin egin zituen eskubaloiko azken urteak, aurretik Bartze­lona bezalako taldeetan jokatu ostean. Ederki gogoratzen du Sergiok. «Entrena­menduetan ez genion gol bat bera ere sar­tzen! Gero partiduan beste kontu bat izaten zen!».


Adidas handballak, eta ‘sexu kontrola’
Hainbeste urtean, hernaniar adina anekdota pilatu dira Hernanin, eskubaloiaren buel­tan. Zeinek ez ditu gogoratuko hain estimatuak ziren Handballak. Hemen erosi ezin, eta kanpora egindako bidaiak aprobetxatzen ziren haiek erosteko. «Batzuetan inbitazioa izaten genuen torneoak jokatzera joateko, Ale­mania edo Frantziatik, eta autobuskada joaten ginen. Bidaia haiek ederrak izaten ziren, eta tartean aprobetxa­tzen genuen horrelako gauzak erosteko: Adidas handballak, adibidez». Usurbilen kontra 29-0 galdutakoa, edo Aieteren kontra 2-7 irabazitakoa, horiek ere gogoan dauzkaten anekdotak dira, baina bada bat, berezia, garai haiek isladatzen dituena. 1984ko azaroaren 7ko El Mundo Deportivok dakarki, Hernanik 100 franko suitzarreko multa (orduko 6.000 pezeta) ordaindu behar izan zuela, ‘sexu kontrola’ ez pasatzeagatik. Hala dio egunkariak: «Portugalgo Oeiras taldearen kontrako partiduan sexu kontrola pasa ez zutelako Eskubaloiko Federazio Internazionalak (IHF) multa jarri dio Hernaniri».


Taldeari eusteko saiakerak
1997an maila galduta, emakumeen taldea desagertu egin zen, eta gizonenak segi zuen. 1999an berriz hasi ziren emakumeak, eta hiru urte gehiago egin zituzten. Gizo­nen taldea 2002an bukatu zen eta emakumeena 2003an. Di­rua falta eta lanerako jendea falta. Hori izan zen arrazoi nagusia, Hernaniko talderik arrakastatsuenetako bat bu­ka­­tzeko. Urte horietan guztietan, ahaztu ezineko lana egin zuten hainbat eta hainbat hernaniarrek, besteak beste: Koldillo, Sergio, Bece­rril, eta abar luze bat...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!