Hernani eta Oiartzunen artean lehia bizia dago; izan ere, lidertza dago jokoan. Lortu dituzten emaitza guztiak ia antzekoak dira eta puntutan berdinduta daude. Dena dela, txuri-berdeak bigarren postuan daude, oiartzuarrek baino 3 gol gutxiago sartu dituztelako. Hernanik Aloña Mendi-ren aurka jokatuko du gaur eta irabazteaz gain, garrantzitsua izango da golak sartzea. Norgehiagoka Oñatin izango da, Azkoagain zelaian, 16:30etan. Oñatiarrak 9garren postuan daude.
Neskek, 0-5 irabazi
Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak atzo jokatu zuen Santurtziren aurka eta askorik sufritu gabe, 0-5 irabazi zuen. Ondo aritu ziren defentsan eta sortutako aukerak ederki aprobetxatu zituzten. Lehenengo zatia,
0-1 bukatu zuten. Izarne Oiarzabalek korner bat jaurti eta zuzenean sartu zuen. Bigarren zatian iritsi ziren gainerako 4 golak: Maider Goikoetxea, June Muxika, Jone Aldaregia eta Leire Juanesek sartu zituzten.