Antton Zabala eskalatzaile hernaniarra eta Ekaitz Maiz etxauriarra garaile izan dira Terradetseko (Katalunia) 12 orduko Eskalada Rallyan. Hernaniarrak aurreneko aldiz hartu du parte rally batean eta esperientzia ona eta gogorra izan dela azaldu dio Kronikari: «12 orduz zabiltza eskalatzen eta pareta luzeak dira, big wall deiturikoak». Zabalak eta Maizek, zazpi bide igo zituzten, 1.705 metro eskalatuta. 160 puntu lortu zituzten. Bigarren postuan, eskalatzaile errusiarrak geratu ziren, 100 metroko aldearekin. Zabalak aitortu du, nahiko justu ibili zirela irabazteko: «azken ordu laurdenera arte pareko ibili ginen. Errusiako alpinismo taldekoak ziren eta maila haundia zuten».
Probatu eta gustatu
Rallyan, bideak antolakuntzak zehazten ditu eta luzeraren eta zailtasunaren arabera, puntuazioa jartzen du. Modalitate honetan, ahalik eta gehien eskalatzea da oinarria, eta ez dator Zabalaren gustoekin bat: «Gure zaletasuna ez da ahalik eta gehien eskalatzea, eskalada zailak egitea baizik. Eta hasieran ez nintzen motibazio askorekin joan rallyra, baina probatu ostean, sentsazio onarekin geratu naiz», dio.
24 orduko rallya ere egin zen lehenengo aldiz, eskalada artifizialekoa, eta hori probatzea ere ez du baztertzen hernaniarrak.
Zailtasun Eskalada prestatzen
Maiatzetik aurrera, Zailtasun Eskaladako txapelketak hasiko dira eta horiek prestatzen ari da orain Zabala. Lehenengoa, Espainiako Kopa izango da, Zaragozan.