«Hernaniko ezkertiar eta independentista guztiak biltzea da gure erronka»

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 14a, 02:00

Lau hilabeteko eztabaida eta lanaren ondoren, sortu da Sortu alderdia Euskal Herri mailan, eta Hernanin ere, martxan da. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Biterin eta Herriko Kontseilu iraunko­rre­ko kideak ere aurkeztu zituz­ten. 11 kontseilu kide ditu Herna­niko Sortuk: Aitzol Arrieta, Iñigo Alzelai, Iñaki Armen­dariz, Ainitze Ge­nua, Hibai Aristimuño, Luis Intxauspe, Ixiar Marin, Iñigo Iraola, Ekaitz Telleria, Ekhi Oñate eta Anartz Mendizuri. Sortu, gizarte hau alda­tzeko gogoz sortu dela azal­du zuten, honako baloreekin: sozialista, feminista, indepen­dentista, ekologista, interna­zio­nalista eta euskalduna. Eta euren erronka da, «Herna­niko ezkertiar eta indepen­dentista guztiak biltzea». Eta elkarlanerako dei egin zuten: «Denok gara beharrezkoak; denok dugu zeregina».

3 norabidetan, lan
Hernaniko Sorturen lehenta­sunak, hiru norabidetan joan­go dira: «Alde batetik, lehen­ta­suna dira, herrien autode­ter­minazio eskubidea, euske­ra, eta hezkuntza sistema pro­pioa eraikitzea, euskal estatu independiente bat lortze aldera. Bestetik, eredu sozialista eta feminista bultzatuko dugu, eraldaketa sozialari begira. Horretarako, herri mugimenduekin eta eragile sozial eta sindikalekin elkarlanean ariko gara. Azkenik, Aieteko Akordioa bultzatuko dugu eta kon­ponbide demokratikoari be­gi­ra, preso eta iheslarien esku­bideak aldarrikatuko ditugu eta lan egingo dugu, etxeratzeko neurriak aplika­tzearen alde». Lanerako eta borrokarako dei egin zieten herritarrei: «Erakutsi dezagun herri honek baduela lanerako eta borrokarako grina. Erakutsi dezagun, gaur hemen falta ditugunekin batera, Euskal Herri libre batean bizitzeko nahia eta beharra ditugula».

J. Agirre: «Kapitalismoari kosk egin behar diogu»
Joxean Agirre Gipuzkoako Kontseiluko Koordinatzailea ere bertan izan zen eta go­go­ratu zuen, «betikoak» direla: «Ez gara berriak, ezker aber­tzalea gara. Baina estrategia politiko berria dugu eta estra­tegia horren barruan etorri da Sorturen eraketa. Eta txalo­garria ez ezik, eredugarria izan da. Ados jartzeaz gain, lortu ditugu gure ideien la­pikotik proposamen berriak, alternatiba berriak sortzea». Estrategia berria garatzea­re­kin batera, gataz­karen oina­rriak eta ondorioak langai dituztela azpimarratu zuen. «Eta ondorioek urgen­tzia dute: preso eta iheslariak etxeratzea, des­mi­litarizazioa, egia guztiak azaleratzea, biktima guztiak aitortzea, egoera sozioekono­mikoa alda­tzea...». Horretarako, elkarlane­ra­ko eta iraultzarako dei egin zuen: «Matxinatu gaitezen konplejurik gabe, eskubide murrizketen aurrean. Hortzak erakutsi bakarrik ez, kosk egin behar diogu kapitalismoari eta oraingo ereduari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!