Azken asaltoa gaur Andoainen, Preferentera igotzeko

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 13a, 02:00

Hernanik eta Andoainek txartel bat dute jokoan Preferentera igotzeko, eta elkarren kontra jokatuko dute (16:00etan Andoainen). Lau partida jokatuko dituzte eta Hernanik nahikoa du bat irabazi eta bat berdintzea.

iaz jaitsi eta aurten igo. Hori egin dezake gaur Her­nanik Andoainen, berak baititu boleto gehien Preferente mailara igotzeko txartela lortzeko. Nahikoa du gaur jo­katuko dituzten lau partidatatik bat irabazi eta bat berdintzea; edo hiru berdin­tzea. Andoainek hiru irabazi beharko lituzke, eta hori na­hiko zaila da Jesus Navas­cues Hernaniko entrenatzailearen iritziz. «Andoai­­nek arriskatu beharra dauka, eta horrek guri aukera asko emango dizkigu haren hu­tsuneak aprobetxatzeko». Gipuzkoako lehenengo mailan ari da Hernani, eta bigarren postuan dijoa, 26,5 punturekin. Bi txartel daude Preferentera igotzeko, eta bat jadanik bat lortua du Villabonak, 30,5 punturekin lehenengo postuan baita. Bigarren txartela dago jokoan, Hernani eta Andoainen artean jokatuko dute gaur. Andoain hirugarren postuan da, 25 punturekin. Lauga­rren postuan Gros D dijoa, 23 punturekin, aukerarik gabe.

Hernani laukote onenarekin, Fernando Esnaola buru dela
Oso talde parekatua du Hernanik, eta hori izan du aurtengo armarik onena. Fernando Esnaola dute buru, edo tablero nagusia, eta berari dagokio beste taldeko onenaren kontra joka­tzea. Aurten, partidarik gal­du gabe dago, liga guztian. Breogan Estevez eta Mikel Apezetxea ere hor izango dira, maila oso ona daukaten jokalariak biak ere. Lauga­rrena Ricardo Osa izango da, ziurrenik, baina posible da Jesus Navascuesek jokatzea.

Esnaola vs Corral partida gogorra espero da
Andoainek ere laukoterik gogorrena eramango du azken asaltoa jokatzeko. Navascuesen ustez, Corralek (Hernaniko azken txapelduna) jokatuko du gaur, ligan partida bakarra jokatu duen arren. Ikustekoa izango da Esnaola eta bien arteko partida. Gainerako hiru partidak ere interesgarriak izango dira.

Hernani B, mirariaren bila Gipuzkoako bigarren mailan, Hernani Bk gaur miraria bilatuko du, Tolosaren kontra. Bosgarren dijoaz hernaniarrak eta bi lehenengoak igotzen dira. Gaur lau partidak irabazi eta gainerako zer egiten duten zai geratu beharko dute. Arratsaldeko 16:00etan izango da, Her­nanin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!