Aitorpena egina iritsi zaienek, gaurtik dute onartzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 10a, 02:00

Telefonoz edo internetez onartu daiteke, bulegoetara joan gabe. Modu mekanizatuan edo internetez egiteko, asteartean zabalduko da epea.

Hainbat herritarrei etxeetara iritsiko zitzaien errenta aitorpenaren autolikidazio proposamena, egun hauetan; hau da, Gipuzkoako Diputa­zioak egina bidali die. Kasu horietan, proposamenarekin ados daudenek, gaurtik aurrera dute autolikidazio hori onartzeko aukera. Horretarako bi bide daude: 902 100 040 telefonora deituta edo www.gipuzkoa.net/ogasuna/renta helbidean sartuta.

Mekanizatua egiteko, hitzordua hartu behar
Diputazioaren proposamena jaso ez dutenek, modu mekanizatuan edo internet bidez egin beharko dute. Horretarako epea, asteartean zabalduko da. Mekanizatua egiteko, aurrez hitzordua eskatu behar da 902 100 040 telefonoan edo interneten. Zita hartzeko, apirilaren 14tik ekainaren 7ra egongo da epea zabalik. Zehaztutako egun eta ordu horretan bulegora joan beharko da (Latsunbeberri, 8-9), beharrezko dokumentuekin. Internetez, www.gipuzkoa.net/ogasuna/renta helbidean norberak egin dezake. Errenta aitorpena egiteko epea, ekainaren 25ean bukatuko da.

‘Euskaraz errentagarriagoa’
Hernaniko Udalak herritarrak animatu nahi ditu errenta aitorpena euskeraz egitera. Horretarako, kanpaina bat jarri du martxan, Euskaraz errentagarriagoa lemapean.


Zer hartzen da kontuan?
Errenta Aitorpena egiterakoan, herritar batzuei dirua jasotzea tokatuko zaie eta beste batzuei itzultzea. Diru sarreren eta dedukzioen araberakoa izango da. Diru sarrera orokorrak aipatuz, kontuan hartuko dute: lanaren etekina, hau da, soldata; bankuko interesak; etxe bat saldu edo errentan jarri izana... Dedukzioetan, berriz, kontuan hartzen dira: dedukzio orokorra, hau da, aitorpen bakoitzeko ezartzen dena (aurten, 1.354 euro); seme-alabak izatea; menpeko pertsona baten edo desgaitasuna duen baten kargu izatea; 65 urtetik gorako adina izatea; ohiko etxebizi­tza errentan hartzea edo erostea... Dedukzioetan aldaketak izan dira 2011ko errenta aitorpenetik 2012ra; zenbait igo egin dira. Horrez gain, 4 kontzeptu kendu egin dituzte: jarduera ekonomikoa sustatzeko kenkaria; pentsiodunen eta langabetuen konpentsazioarena; aurreko ekitaldietako dibidenduena; eta enpresako gizarte aurreikuspen sistemei egindako ekarpenena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!