Gizonezko gehiago dago langabezian, azken hilabeteetako joerari eutsiz

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 10a, 02:00

Martxoan, langabetu kopurua jaitsi egin zen Hernanin: 1.441 langabetu zeuden, otsailean baino, 4 gutxiago. Horietatik, 729 gizonezkoak ziren eta 712 emakumezkoak.

Hernanin, gizonezko gehiago zegoen langabezian, martxoan, eta joera hori iazko azarotik dator. Orduan izan zen lehenengo aldiz gizonezko langabetu gehiago Hernanin. Martxoan, 1.441 herritar zeuden Lan­bi­den izena emanda eta horietatik 729 gizonezkoak ziren, eta 712 emakumezkoak. Aldea haundia­goa izan zen otsailean: 742 gizonezko zeuden lanik gabe eta 703 emakumezko. Dena dela, urtarrilean salbuespena izan zen, emakumezko gehiago zegoen langabezian: 715 ziren emakumezkoak eta 704 gizonezkoak.

Martxoan jaitsi, Gipuzkoan bezala
Aste Santuaren eraginez, Gipuzkoan langabezia jaitsi egin zen martxoan, %0,34. 173 langabetu gutxiago zeuden, hain zuzen, 50.299 per­tsona. Hernanin ere langabezia jaitsi egin zen martxoan, %0,28. Otsailean baino 4 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe. Dena dela, urte hasieran baino 59 langabetu gehiago zeuden martxoan. Eta iazko martxoan, 163 langabetu gu­txiago zeuden: 1.278.

25-44 urte bitarteko gizon-emakumezkoak, kaltetuenak
Orain arte bezala, langabeziak gehien eragin dien adinekoak, 25-44 urte bitartekoak izan dira martxoan. Langabetu guztien artetik, %49,20 adin tarte horretako herritarrak ziren: 709. Ondoren, 45 urtetik gorako gizon-emakumezkoak ziren kaltetuenak; langabetu guztien artetik, %42,61 hain zuzen: 614 hernaniar. Eta gainerakoak, 25 urtetik beherakoak: 118 hernaniar.

Nekazaritzan 4 langabetu gutxiago, urte hasieratik
Zerbitzuen sektoreak jarrai­tzen du izaten langabetu gehien dituen sektorea. Urte hasieran baino 51 langabetu gehiago daude: 934. Indus­tria da bigarren sektore kaltetuena, baina kasu honetan ez da hainbeste igo langabetu kopurua. Iazko abenduan 226 langabetu zeuden eta martxoan 230. Eraikuntzan ere, antzera igo da langabezia: abenduan 170 herritar zeuden lanik gabe eta mar­txoan 175. Nekazaritzan, berriz, langabetu kopurua jaitsi egin da. Urte hasieran baino 4 langabetu gutxiago daude: 15.

Aurreko hilabeteetan baino kontratu indefinitu gehiago
Martxoan 372 lan kontratu egin ziren, otsailean baino, 48 gehiago. Horietatik, 347 kontratu, denboraldi baterako eginak izan ziren eta 25 indefinituak. Proportzioan, indefinitu gehiago egin ziren mar­txoan (%6,72), aurreko hilabeteekin konparatuta. Urtarrilean 404 kontratu egin ziren eta horietatik 17 bakarrik izan ziren indefinituak (%4,20). Otsailean 324 kontratu egin ziren eta 18 izan ziren indefinituak (%5,55).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!