euskerazko egile onenaren saria jasoko du Alai Zubimendi komikigile hernaniarrak larunbatean, Portugaleteko Uri Urena komiki lehiaketan. `Aitari´ izena du Zubimendik lehiaketara aurkeztutako komikiak, eta izenak dion moduan, orain hilabete gutxi galdu zuen aitari dedikatzen dio. Sari guztien moduan, hau ere ilusioarekin jasoko du Zubimendik; hala ere, berezia izango dela aitortu dio Kronikari: «sari bat baino gehiago da niretzat, aitari egindako omenalditxo bat da».
«Burutik pasatako fantasia eta desioen espresioa da»
Aitari omenaldi moduko bat egin nahi zion Zubimendik, eta pasa berri duen egoera gogorretik zerbait positiboa atera. Dioenez, hori lortu du komiki honekin: «joan den azaroan galdu nuen aita, eta haren azken orduetan, bere ondoan eserita idatzi nuen gidoia. Momentu gogor horietan, soluziorik ez dagoenean, burutik pasa zitzaizkidan fantasia eta desioen espresioa biltzen dut».
Lehiaketa ezaguna
Ezaguna da oso Uri Urena komiki lehiaketa. Aurten 27garren edizioa du, eta Euskal Herriko lehiaketen artean, sari gehien banatzen dituena da. Estatu osoko komikilariek hartzen dute parte.
Aldizkarietarako komikiak
Zubimendik Xabiroi, Gaztezulo eta Rumble! aldizkarietarako ere egiten ditu komikiak; eta ipuinak, liburuak eta abar ere ilustratzen ditu. Bere lanak ikusteko: www. zubimendi.com.