pausun elkartu ziren atzo mugaren beste aldean bizi diren hernaniarrak batetik eta 25 herritar bestetik, tartean, ezker abertzaleko eragileak eta udaletxekoak. Hernaniko iheslarien eguna antolatu dute apirilaren 20an Ziburun, eta prentsaurrekoa eman zuten horren harira.
6 hernaniar, ipar Euskal Herriko lurretan
Iparraldean bizi diren sei iheslariek hartu zuten hitza, eta esker hitzekin hasi zuten prentsaurrekoa: «zinez eskertzen dizuegu hurbildu izana. Iparraldean bizi garen 6 hernaniarrak kate baten segida gara. Urte luzeetan hernaniar asko izan dira etxetik kanpo eta haiek danak ditugu gogoan: deserrian batzuk, exilioan besteak, klandestinitatearen bazterrean asko eta bizirik itzultzeko suertea izan ez dutenak».
«Etxea utzi genuen, libre itzultzeko»
Iheslariak borrokalariak direla gogoratu zuten, euskal militanteak, eta etxeak libre bueltatzeko utzi zituztela azaldu zuten: «ez gara biktimak, nahiz eta zailtasunez beteriko bizimoldea egokitu zaigun. Borrokalariak gara, euskal militanteak. Egun baldintzak ematen ari dira joan ginenak baino libreago itzultzeko. Horrek ez du esan nahi ordea, berehala itzultzeko asmoa dugunik. Arazo politikoaren parte gara, eta urratsak aurrera ematen diren heinean, konponbideak helduko diren garaian kokatuko da gure itzulera. Ezin ditugu ahaztu gurekin batera arazoaren soluzioan garrantzia duten kideak, bahituta, espetxeetan bizi direnak».
Hernaniko iheslarien eguna
Ziburun, apirilaren 20an, Hernaniko iheslarien eguna antolatu dute. Autobusez joango dira 12:00etan, eta 21:00ak aldera itzuli. Autobuserako eta bazkarirako txartelak salgai daude, Garin eta Riojan, 20 euroan.
`Herria dugu arnas´ lelopean, ekimen berria
Arazoa konpontzeko pausuak ematera dijoazela azpimarratu zuten, eta Herria dugu arnas ekimen berria martxan jarri duela euskal iheslari politikoen kolektiboak. Ekainean, ekitaldia antolatuko dute Lapurdin eta hara joateko gonbitea ere luzatu zuten: «herria utzi genuen, baina herria gurekin daramagu, eta herria behar dugu, gure arnasa delako, gure bizitzaren ardatza, zuek gabe ez gara ezer, zuekin bagara zerbait».