Mendiriz mendi
Mendiriz Mendik egingo duen ibilbidea Oropeda eta Urbion bailaren artean dago. Eskualde hau nahiko hezea da Kantabriako mendizerra gertu duelako. Hori dela eta pinudi eta pagadi ugari dira bailara barrenetan. Altura hartzen den heinean espezie horiek desagertu eta haizera eta elurrera gehiago moldatuta dauden landare espezieak agertzen dira, hala nola: goi-mendiko zuhaixkak, ipurua eta txilarra. Inguru hauek bisitatzeko garai ederrenak udaberria eta udazkena dira. Udaberrian hostoak eta loreak agertzen direnean inguru honek duen kolorea berezia da. Udazkenean aldiz, kolore hori gorriz janzten da eta are gozagarriago izaten da.
Ekosistema paregabea, 40 otsorentzat
Baso eta goi-mendiko soro horiek ekosistema aproposak dira animalia espezie ugarirentzat. Guztien artean otsoa da aipagarriena. Noizbehinka bailara eta gailur hauetan otsoen ulua edo ainuria entzuten da. Demanda mendizerran betidanik bizi izan da otsoa. XIX. mendean ohiko piztia zen mendi hauetan, baina 60garren hamarkadan, gizakiaren presioagatik, desagertu egin zen. Hala ere, urte batzuk geroago, 80garren hamarkada bukaeran, berriro agertu zen, eta azken hamarkada honetan beraien agerraldiak ohikoak bihurtu dira. Gaur egun uste da, populazio txiki baina egonkor bat bizi dela. Aditu batzuek diote populazio hori 40 otsoz osatuta egon daitekeela eta Asturias, Leon eta Galiziako mendietan bizi diren otso populazioekin harremana dutela.
‘Majadak’, Burgosko sarobeak
Ibilbidean zehar hainbat majadatik igaroko gara. Majadak ziren eremu jakin batzuk, soroetan eta mendietan zeudenak, transhumantzia garaian artzaina eta bere ganaduak gaua babestuta pasatzeko (hemengo sarobeen antzekoak). Ura eta belar ugari zegoen tokietan kokatzen ziren. Normalean txabola bat edo gehiago izaten zuten, artzainentzat aterpe gisa, eta ganadua gordetzeko harrizko hesi bat ere bai. Gaur egun txabola eta hesi gehienak galdu dira, baina lekuen izenak irauten dute, jarduera horrek lekuko.
Altuzarreko ur-jauziak, hiru estanpa dotore
Ibilbidetik 800 metro eskas aldenduta, Altuzarrako ur-jauziak bisita daitezke. Bata bestearen atzetik kokatuta dauden hiru ur-jauzik osatzen dute parajea. Lehenak 12 metroko altuera du, bigarrenak 28 eta hirugarrenak 34 metro. Ur asko daramakitenean, benetan ikusgarriak dira. Zarcia atsedenlekua baino metro batzuk aurrerago Zarciako aterpea dago. Ez dago gordeta eta tximinia eta mahai bat ditu, baina ez du oherik. Erabiltzeko asmorik bada, esterilla eta zakua eraman behar dira lurrean lo egin behar baita. Guztira 4-6 pertsonentzat lekua dago.
Datu interesgarriak
- Distantzia: 17 Km.
- Denbora: 8 ordu.
- Desnibela: 1.100 m.
- Gailurrik altuena: San Millan (2.131 m).
- Zailtasuna: Desnibel haundia eta bide luzea, baina zailtasun berezirik ez. Mendiko bastoiak, erreka gurutzatu behar baita maiz.
- Beharrezko materiala: Mendiko ohiko material arrunta. Elurretarako egokia den materiala lagungarri.
- Nola iritsi: Demanda mendizerrara joan behar da, alegia, Santa Cruz del Valle Urbion herrira, eta handik Zarcia atsedenlekura. Nondik? Gasteiz, Pancorbo, Briviesca, Belaradora, Pradoluengo...
- Noiz: Apirilak 27-28.
IBILBIDEA:
- Santa Cruz del Valle Urbion herria gurutzatu eta pistari segi Zarcia atsedenlekura.
- Urbion erreka alboko pistatik bidegurutze batera. Ezkerrekoa hartu, pago artean. Zubi bat. Tres Aguas izeneko txabola. Pagadiaren itzalpean Urbion bailaran gora. Beste zubi bat pasa. Berehala Choza de la Guarra aterpea.
- Segi bidean gora. Berriro ere, Urbion erreka gurutzatu behar da, baina kasu honetan ez dago zubirik. Hemendik aurrera bideak gogor egiten du gora. Basotik irten eta, Majada de San Millan eremura (1.561 m). Kartel batean adierazten dira aurretik geratzen zaizkigun aldapa gogor edo eskaloiak. Lehenengoaren desnibela, 40 metro; beste biena 80 metro. Hemendik aurrera bidea une batzuetan galdu. Mugarriei jarraitu. Eskaloi horiek gaindituta San Millan gailurrera igotzeko bi aukera daude. Eskubitik, Laguna de San Millan (1.927 m) izeneko laku glaziar txiki batetik gora. Ezkerretik El Pontón (2.036 m) izeneko lepotik gora. Guk hori jarraituko dugu. Lepotik gailurrera, azken 100 metroko desnibela.
- Gailurretik paisaia ikusgarria. Ipar aldera Urbion bailara eta barrenean, urrutira, Gorbeia; ipar-ekialdera Kantabriako mendizerra; ekialdera San Lorenzo, Demanda mendizerrako gailurrik garaiena (Errioxa probintzian); hego-ekialdera Moncayo eta Pico Urbion; mendebaldera Trigaza gailurrak.
-Trigaza aldera egin behar da. Apur bat jaitsi eta Sierra Llana kordaletik 2 km. Collado Flecho lepoa igaro eta izenik gabeko gailurtxoa igo. Handik Trigazako lepora jaitsi. Ipar aldera egin, eta jaitsiera, txillar artean. Soro batera iritsi eta ezkerrera Majada de los Carneros-era (1.630m). Berriz ezkerrera bide nabari bat. Bide honetatik segituan Majada de Gárrula-n (1.530m). Hemendik ibilbidetik 800 metro inguru desbideratuz Altuzarrako ur-jauziak bisita litezke.
- Guk bideari jarraitu. Abanza errekaren albotik, pista batera atera, eta hari segita Zarciara.