Zortzi proba prest, kirola eta abentura maite dituenarentzat

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 7a, 02:00

Kirola eta abentura uztartzen dituzte. Kirola da, mendi-bizikleta eta treekinga praktikatzen direlako; abentura kutsu haundia du, tartean egiten direlako: orientazioa, tirolina, rappela, eskalada, espeleologia, kayaka... Raidabentura du izena, eta Hernanin talde bat dabil probaz proba. Lehendabizikoa apirilaren 20an dute, eta animatzeko dei egin diete hernaniar guztiei.

raid izena entzunda geroz eta gehiagok ikusten dute atzean kirola. Kirola, eta aben­tura. Benetako izena Raid­abentura du, eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu, era askotako kirolak uztartzen dituelako, eta abentura kutsu haundia daukatenak, gainera. Aurten zortzi proba jokatuko dira Euskal Herrian, api­rilaren 20an hasita. Herna­nin bada taldetxo bat proba horiek egingo dituena, eta hernaniarrak animatu nahi dituzte, beraiekin proba ho­rie­tara joan, eta pixkanaka mundu hau ezagutzera.

Proba ezezaguna: bide bat, helburu bat, eta denbora bat, bukatzeko
Egun guztiko probak izaten dira, goizean hasi eta arra­tsaldera arte, eta puntu gehien lortzen dituenak irabazten du. Leku jakin batean egiten da zita. Han ematen zaio proba talde bakoitzari. Mapa bat, marka batzuekin; tartean, proba ezberdinak. Marka ho­rietatik pasata puntuak lor­tzen dira, eta proba horiek eginda ere bai. Bidea ez dago seinalizatua. Talde bakoitzaren esku, ze markatara joan, zeinetara ez, ze proba egin eta zein ez.

Bizikletan edo korrika, eta proba pila bat tartean
Bi disziplina edo lehiatzeko modu daude: bizikletan, eta korrika (treeking). Tartean, berriz, probak daude, derrigorrezkoak eta aukerazkoak. Normalean, hauek izan dai­tezke: tirolina, rappela, eskalada, espeleologia, memoriazko orientazioa, kayaka, painesa... Puntuak lortzeko, talde bakoitzak bere estrategia egiten du, bere ezaugarriei gehien komeni zaiena: marka honetara eta honetara joango gara, eta proba hau eta hau egingo ditugu. Norbe­rak egin behar du bere bidea, mapa bat, eta brujularen laguntzaz (GPSa ezin da erabili). Horregatik esaten da kirol bat baino gehiago dela Raid-a, esfortzu fisikoa uztartzen duelako emozioekin eta es­for­tzu mentalarekin.

Proba ofizialak, eta hasiberrientzat proba txikiagoak
Euskal Herriko zortzi proba horiek sartzen dira Columbia Raid-aren barruan. Proba horietan ordea, bi aukera izaten dira. Ofizialak, 7 orduko probak, gutxigorabehera. Eta ez ofizialak edo hasiberrien­tzakoak (EasyRaid), 3,5 orduko probak gehienez.

Kide kafetegian zita, apirilaren 10ean
Hernaniko raid taldeak animatu egin nahi ditu kirolzale eta abenturazale guztiak, raid munduan sartzera. Horreta­ra­ko, ahal duten guztian lagun­tzeko prest dira, eta probetara ere elkarrekin joateko plana egingo litzateke, nahi bada. Hasi nahi dutenek, Kide kafetegira joan beharko dute apirilaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan. Bertan izango dira raid taldeko kideak, Iñaki Eiz­mendi, Rafa Romero, Lander Muñoa, Mitxel Lamuedra edo besteren bat.

EGUTEGIA
www.raidabentura.com

- Ap. 20 Raid Rioja Alavesa -Oion
- Mai 11 Raid Arratia -Artea
- Eka 1 Raid Estella -Lizarra
 - Eka 8 Luki Extreme -Araba
- Uzt 6 Raid Oñati - Oñati
- Ira 7 Raid Montes de Hierro -La Arboleda
- Ira 21 Raid Esteribar - Zubiri
- 10/5 Raid Laudio - Laudio

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!