«Kabi txikiak kentzea da klabea, eta herritarrek egin dezakete»

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 6a, 02:00

LIZTOR Asiatikoaren kabiak bikoiztu edo hirukoiztu egingo dira aurten Hernanin. 60tik go­ra kabi kendu zituzten joan den urtean suhiltzaileek; eta be­re kabuz ere aritu ziren baserritar eta erlezainak; be­raz, ge­hiago izango dira noski. Udaz­kenean kendu zituzten, eta 5.000­tik gora liztor, eta 200 erregina in­guru zeuden kabi bakoitzean. Aurten ere, prozedura be­ra mantentzea da Dipu­ta­zioa­ren asmoa, hau da, udakezkenean kabi haundiak kentzea. Her­naniko Udalak ordea, aurre har­tu nahi dio horri, eta Bu­run­tzaldeko bes­te hainbat Uda­lekin batera, plan bat jarri du martxan: udaberrian egiten dituzten kabi txikiak sun­tsitzea. Ma­rijo Garcia Babes Zibile­ko teknikariarekin eta Olatz Urru­tibeaskoa Ingu­ru­men tek­nikariarekin bildu da Kro­nika, egungo egoerari eta aurrera begira dituzten helburuei buruz hitz egiteko.

Kabi txikiak, udaberrian
Orain arte egindako lana bu­ru­tzeko, kabi haundiak ken­tzeko, baliabide asko be­har di­rela diote bi teknikariek: «altu egiten dituzte, 20-40 metrora, eta horra iristeko, kamioi-es­ka­i­lera bat behar da. Gainera, ber­ta­ko erlezainek erabiltzen di­tuz­­ten ba­bes-jan­tziak ez dira na­­hikoak, liztor asiatikoak ez­ten haundiagoa baitu. Suhil­tzai­l­eek Frantzian erositako trajeak erabiltzen dituzte, lodiagoak, zer­bait gertatzen bada, erasoa oso arriskutsua izan daitekeelako». Kabi txikiak, primarioak, udaberrian egiten dituzte eta askoz errazago suntsitu daitezke. Teknikariek diotenez, askoz eskurago egiten dituzte eta txikiagoak izanik, liztor gutxiago izaten dituzte; beraz, kentzeko ga­raian ez da hainbesteko babesik behar.

Herritarren laguntza
Beste plan eta pausu guztiak bezala, hau ere erlezainekin aztertu ostean, Burun­tzal­de­ko Udalek kabi txikiak ken­tzeko plana martxan jartzea erabaki dute. Eta etapa ho­ne­tan, herritarren la­gun­tza be­har beharrezkoa izango da, edozeinek kendu baitezake kabi primario bat: «haun­die­kin bezala, hemen ere, neurri ba­tzuk hartu be­har dira. Di­ferentzia da, ez dela ika­ragarrizko babesik behar». Kabi txiki bat kentzeko eman beharreko pausuak ere zehaztu dituzte: «beti eguzkia atera aurretik edo sartu ostean kendu behar dira. Liztor guztiak barruan daudela ziurtatu behar da, eta erregina batez ere. Erregina kanpoan badago, ez dugu ezer egin. Kabia plastikozko poltsa batekin edo ur bidoi batekin estali behar da. Zulotxo bat egin, eta etxean dugun edozein intsektizida bo­ta. 10-20 minutuan hilko dira guztiak, eta ondoren kabia ken­du eta suntsitu egin behar da».

Zer lortuko da?
Arazoa erradikatzea ezinezkoa bada ere, kabi txikiak kenduta lortu nahi dute, kabi haundiek eta liztor asiatiko kopuruak behera egitea na­bar­men: «ne­guan erregina atera egiten da kabitik, eta gainerako liztorrak hil egiten dira. Udaberrian ez­kutale­kuetatik atera, eta aurreneko kabiak egiten hasten dira, primarioak. Oso arrautza gu­txi jartzen dituzte, langile ba­tzuk lortzeko eta hauek izango dira kabi haundiak egingo dituztenak. Kabi txikiak sun­tsituz gero, liztor gutxiago, erregin gutxiago eta kabi haundi gu­txiago; hori da gure helburua». Herri batean egiteak eraginik izango ez zuela eta, erabaki zuten Buruntzaldeko beste herrietako teknikariekin ha­rre­ma­netan jartzea. Usurbil, La­sar­te, Urnieta eta Astiga­rra­gako Udalekin jarriko dute pla­na martxan. Eta gertutasunagatik, Donostiari ere eskatu diote gauza bera egiteko. Ge­rora, Errenteria, Oiar­tzun­, Pasaia eta Lezo ere sartu dira kanpainan.

Kanpaina, martxan
Zer egin eta nola egin erakusteko, kanpaina jarriko du martxan Udalak. Eskoletan eta parkeetan kartelak jarriko dituzte: «umeak oso kuriosoak dira, eta beraiek inork ikusten ez dituzten gauzak ikusten dituzte. Karteletan kabi primarioen argazkiak ageri dira, eta ohar bat, halakoren bat ikusiz gero, irakasle edo udal­tzainei abisatzeko esaten due­na». Hitzaldiak ere antolatu di­tuz­te, herritarrei guztia azaltzeko. Egoitz Ga­larzak emango du, Erlezainen Elkar­teko albaitariak. Biterin apirilaren 18an izan­go da, 19:00­etan; eta Ere­ño­tzuko kultur etxean, apirilaren 27an, 11:00­etan. Horrez gain, azalpen guztia biltzen duen diptikoa banatuko dute etxeetan. Azkenik, kabi haundiak kentzeko, bi traje jarriko dituzte erlezainen eskura udaletxean, Frantzian erosiak, suhiltzaileek erabiltzen dituzten berdinak. Eta pertiga teleskopiko bat ere bai, 20 metrora iristen dena.

Tranpak, herri guztietan
Aipatutako herrietan tranpak jartzeko asmoa ere badute, liztor asiatikoa akabatzeko. Joan den urtean suntsitutako kabien kokapenekin mapa bat egin dute, eta bertan jarriko dituzte. Hernaniren ka­suan, kabiak ez ziren zonalde zehatzetan agertu, oso zabaldua izan zen. Tranpa hauek ordea, badute arazo bat: beste intsektu, erle eta liztorrak ere, erortzen direla. Beraz, hamar eguneko maiztasunarekin kontrolatuko di­tuz­te. Diputa­zioa lanean ari da liztor asiatikoa bakarrik suntsituko duen fe­romona edo konposatu kimikoa bilatzeko. Iker­keta luzea izango da.

Liztor Asiatikoa, Ingurumenaren etsaia

Liztor Astiakoaren kontra zergatik ari diren argi utzi nahi dute bi teknikariek: «ez dira pertsonak erraz ataka­tzen di­tuz­ten liztorrak, baina eraso eginez gero, pozoin gehiago dute, eta bertakoak baino arriskutsuagoak dira. Kalte haundiena ordea, bertako erleei egiten diete. Suntsitu egiten dituzte, eta honekin batera, polinizazioa oztopatzen dute, eta arazo haundiena hor dago. Inguru­me­naren etsaiak dira, ez baitugu ahaztu behar, polinizazioaren %80 erleek egiten dutela. Arazoa larria da»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!