Babes Zibilak duen funtzioa edo egiten duzuen lana hitz gutxitan definitu beharko bazenu, nola azalduko zenuke?
Egiteko nagusia da herriko babesa edo larrialdi plana egitea. Aztertu herriak ze arrisku nagusi dituen, eta horren arabera larrialdi plana egin. Adibidez, larrialdi plan orokor bat dugu, eta bertan ageri dira Hernanik duen uholde arriskua, izotza eta gela dagoenean dauden arriskuak, arrisku kimikoa… Arrisku guztiak indentifikatzean, plan edo prozedura zehatzagoak egiten dira, kasu bakoitzerako.
Uholde arriskua da plan orokor horretan identifikatuta duzuen arazoetako bat. Zerura eta Urumeara begira egiten dute lo herritar askok, batez ere, euri ugari emana dagoenean. Hernaniko udala, gainerako Udalekin, Diputazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin pausuak ematen ari da. Uholdeen kontrako plana adostua duzue. Zertan da?
Berehala hastekoak dira lanean, Hernanin. Batetik, Karabelgo zubia bota nahi dute. Orain bi edo hiru begi ditu. Egingo duten zubi berria oraingoa baino altuagoa izango da, eta garbia, hau da, hankarik gabea.
Bi lezoi ere egingo dituzte, bi mendixka antzeko. Bidea mendixka gainetik joango da, eta auzoa itxia geratuko da; auzoa inguratuko dute lezoiek, eta horrek saihestuko du ura sartzea. Hala ere, horrek badu arazo bat. Ura ezin bada sartu, atera ere ez. Eta euri asko egiten duenean zer? Tanque de tormentas deitzen dena egingo dute. Ura bertan jasoko da, beste nonbaitera eramateko.
Bestalde, Zubipe parean isla antzeko bat dago. Horrek ere kapazitatea kentzen dio Urumeari eta beraz, kentzeko asmoa dute.
Errugbi zelaian eta Zubipen ere sartzen da ura, baina hor ezin da ezer egin, horiek uholde lurrak baitira. Ibaia asko igotzen denean, nonbaiten atera behar du, eta helburua da, arazo gehien emango dituen tokietan ez ateratzea, hau da, Karabelen eta Portun. Esan beharra dago baita ere, Landare urak hartzen duenean, askotan, ez dela izaten Urumea atera delako. Landaren badago beste erreka txiki bat, eta horrek egiten du gainezka. Urumea ibaia baino kota baxuagoan dago eta askotan, hortik sartzen da ura.
Azken uholdeak urtarrilean izan ziren. Balorazioa egin al duzue?
Zenbaterainoko kalteak izan ziren?
Nahiko xuabea izan zen. Ura ez zen auzoetan atera, eta ezta industriguneetan ere; Landaren eta Zubipen bakarrik. Udalak seguru bat du, eta bi zelaietako garbitze lanak, seguruaren kontura joango dira. Aipatzekoa da gainera, aurten, uholdeei aurre hartuta, protokolo bat landu zela Kiroldegian, ura bere onera etorri bezain pronto, garbiketekin hasteko. Beraz, berehala hasi ziren garbiketa lanekin, eta guk dakigunez, bi klubak oso gustura daude egindako lanarekin.
Enpresa kimiko arriskutsuak ere baditu Hernanik. Urtero egiten duzue larrialdi kimikoen
simulakroa. Beste neurriren bat hartzen al da?
Bai, Elektrokimika eta Arkema dira enpresa horiek. Sirena simulakroa egin dugu aurten, ziurtatzeko entzun behar den lekuetan entzuten dela.
Ereñotzun panel luminoso bat ere jarri dugu aurten, eta hori ere probatu nahi genuen. Ereñotzun, apaizetxe parean dagoen semaforoan jarri da panela eta sirenak jotzen badu, semaforoa itxi egiten da, gorri jartzen da eta panela martxan jartzen da. Panelak abisatzen du bidea moztu egin dela arrisku kimikoa dagoelako eta hala, Goizueta edo Arano aldetik datozenak ez dira hortik pasako. Hutsune bat ikusten genuen; herritik Ereñotzurako direkzioan bidea ixtea ez da arazoa, baina zerbait gertatuko balitz, zein pasako da beste aldera moztera? Horregatik jarri dugu panela, horrek moztuko du. Sirena simulakroa egin genuenean, panelarena ere egin genuen, eta ondo piztu zen. Datorren urtera begira, simulakro potente bat egin nahi dugu, suhiltzaileekin, ertzaintzarekin, bi enpresa horiekin…
Bestalde, enpresa horiek ere badute bere larrialdi plana, barrukoa, eta guk badugu horren kopia.
Zein dira zehazki Hernanik
dituen arrisku kimiko horiek?
Batez ere, laino toxikoa esaten zaion hori da arriskutsua. Larrialdi kimikoren bat balitz, suposatzen da Kaxkoraino ez litzatekeela iritsiko; horregatik sirena simulakroa egiten denean ez da herrigunean entzuten. Margen haundi haundia emanda, Elizatxo ikastolaraino iritsiko litzateke, horraino iristen baita sirenaren hotsa. Baina kontuan izan behar da margena haundia dela. Eta gero, Ereñotzu aldean, semafororaino helduko litzateke laino toxikoa, asko jota.
Larrialdi kimikoekin jarraituta, enpresa hauek behar dituzten materialak garraiatzerakoan ere,
arriskua badago.
Bai, trenean eta karretera bidez iristen dira bi enpresa hauetara. Istripuren bat gertatuko balitz, badugu prozedura bat, eman beharreko pausuak zehazten dituena. Hasiera batean, inportanteena da zer egin behar den ondo jakitea. Udaltzainek taula batzuk dituzte, eman beharreko pausu guztiekin: zein datu bildu behar dituzten; kamioiak edo trenak dituen etiketak identifikatzea; arriskua zein den zehaztea; eta SOS deiakera deitzea, besteak beste. Hauei pasako diete bildutako informazio guztia, hala nola, non gertatu den, zein material daramaten, zein den arriskua…
Udaltzainak ez dira istripu gunera bertara joango. Albo batetik hurbildu behar dute, 50 metroko margena utzita, eta haizearen norabidea kontrolatuta. Prismatikoak erabiliko dituzte egoera kontrolatzeko eta beti, kotxearen motorea itzaliko dute. Euren betebeharra da eremua seinalizatzea, bidea moztu eta trafikoa desbideratzea, inguruko biztanleei abisatzea…
Eguraldia medio, sortu daitezkeen arriskuetaz ere ohartarazten
dituzue herritarrak. Zein izaten da prozesua?
Uholdeekin jarraitzen dugunaren antzekoa. Korreo edo SMS bidez jasotzen ditugu alertak. Egoera bakoitza baloratzen dugu, alerta guztiak iristen zaizkigulako: elurra emana balego, zein kotatan, haizea dabilenean, zenbateko ufadak… eta horren arabera erabakitzen dugu zerbait egin edo ez.
Web orriak, sare sozialek…
ere geroz eta gehiago erabiltzen dituzue abisu horiek emateko.
Bai, egia esan, geroz eta gehiago. Konturatu gara, uholdeen kontura, twitterren erabilera asko igo zela… jendeak kaso egiten dio, eta gero eta gehiago ari gara erabiltzen.
San Joanetan ere, hainbat
gomendio ematen dituzue.
Prozedura batzuk baditugu bai: su artifizialetarako, sokamuturrerako, San Joan surako eta auzoetako suetarako ere bai… Aholkuak eta gomendioak izaten dira kasu hauetan.
Uholde arriskuaren aurrean, neurriak
Arriskua dagoenean, abisuak iristen zaizkigu Eusko Jaurlaritzako larrialdietako zuzendaritzatik. Korreo elektronikoak jasotzen ditugu, eta abisua horitik laranjara pasatzean, SMSak ere bidaltzen dizkigute Udaltzaingo Zuzendariari, Alkateari eta niri. Lehenengo pausua izaten da parte hartu beharko luketen zerbitzuei abisatzea. Bai propioak direnei, hau da, publikoei: udaltzainei, zerbitzu publikokei, landazainari, kiroldegiari, Ongintzari... Eta baita ere, akaso parte hartu beharko luketenei: FCC eta Goroldiri esaterako. Hurrengo lana izaten da errekaren maila kontrolatzea. Internet bidez egiten dugu kontroletako bat; Euskalmeten bitartez, Ereñotzuko Aforo Estazioko datuak kontrolatzen ditugu; 10 minuturo. Prozeduran azaltzen den moduan, ura 1,5 metrora iristen denean, prealarman sartzen gara. Eta 1,8 iristen denean, alertan gaude. Kontrol hauei esker gauza ugari aurreikusi ditzakegu, esaterako: gure prozeduran jarrita zegoen, ura 1,5 metrora iristean, Karabelgo kotxeak atera egin behar zirela. Pasa berri den uholde hauetan ikusi dugu 1,5ean Urumeak oraindik ez duela gainezka egin, eta goizegi dela kotxeak ateratzeko. Uraren mailaren arabera erreka non atera den ere markatzen dugu; esaterako, ura Fagollagan atera bada, erreka momentu horretan zein mailatan zijoan kontrolatzen da… Horrek etorkizunean lagunduko digu erabaki egokiak eta zehatzagoak hartzen. Herrian dauden zenbait puntu estrategiko ere kontrolatzen ditugu. Horietako bat da Karabelgo zelai gorriaren parean dagoena, errekaren bestaldean. Urumea ondoko baratzak ere kontrolatzen ditugu. Bentaberriko tunela (Etxeberrikoa) ere begiratzen dugu, hor berehala sartzen baita ura. Landazaina Ereñotzu aldera ere bidaltzen dugu...