Ibilbide teknikoagoa aurten, Aiako Harria parke naturalean barrena

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 6a, 02:00

Aurreko bi urteetan izan duen arrakasta ikusita, aurten ere antolatu dute Ereñotzuko Mendi Lasterketa. Ohi bezala, San Antonio jaien barruan izango da, hain zuzen, ekainaren 9an, eta astelehenean irekiko da izen ematea. Gehienez, 200 lagunek izango dute aukera, izena emateko: 150 lagunek www. kirolprobak.com helbidean eta 50 lagunek Ibai Mendi kirol dendan. Dortsalik geratuz gero, egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Izena aurrez emanez gero, 10 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek; egunean, berriz, 13 euro. Lasterketa, goizeko 10:30etan hasiko da eta bi ordu eta erdian bukatu beharko da.

Urdaburun, igoera teknikoa
Aurreko bi urteetan, Oindi igo eta jaistea izan da lasterketako erronka (13 km-630 m-ko desnibela). Aurten, berriz, ibilbide desberdina izango du lasterketak eta teknikoagoa izango da. Guztira, 11,75 km-ko ibilbidea izango da eta 832 m-ko desnibel metatua izango du. Dena dela, edozein per­tsonak egiteko ibilbide ederra dela azpimarratu dute, Aiako Harria parke naturalean barrena. Ereñotzuko plazatik abiatuko da lasterketa. Handik, alboan dagoen XVgarren mendeko Txilibita baserrira jaitsi eta segituan hasiko da igoera. Larregain sagardotegiaren sa­gas­tien ertzetik pa­saz, Arron­doko antenatik iga­rota, Akola­gainera iritsiko dira. Aiako Harria Parke Naturalaren lurretan, hainbat trikuharri eta monumentu megalitikoen aztarnen on­dotik pasako dira korrikalariak, kaxkoz kaxko eta le­poz lepo. Bentatxuriko base­rria­ren albotik, Malma­zarko pu­tzu­ra igoko dira, pago artean ezkutatuta dagoen Pagosar­deko atsedenlekura iritsi ar­te. Berriro gora eginez, Ur­da­buruko tontorreraino igo­ko dira. Igoera teknikoa izan­go da, soka baten laguntzarekin. Beherako bidea hartuko du­te ondoren. Lizarregiko le­potik, Artegieta, Pagoeta eta Agiñako gainen azpikaldean dagoen Elorrietako le­po­ra iri­tsiko dira. Uso­koe­rre­kara jai­tsi, Iturralde jatetxearen azpikaldetik erreka gurutzatu (uretatik) eta bidezidor bat hartuko dute Txirrita­ren jaiotetxetik gertu. Latxeko fabrika zaharrak azpikaldean ikusten direla, azken metroak egingo dituzte Ereñotzuko plazako helmugara iritsi arte.

Sariak, guztientzat
Sari nagusiak, lehenengo 3 emakumezkoentzat eta lehenengo 3 gizonezkoentzat izango dira. Dena dela, parte har­tzaile bakoitzarentzat opari bat ere izango da. Eta horrez gain, zozketa ugari egingo dira. Hernaniko denda eta tabernek jarritako opariak izango dira: afariak, gaztak, txuletak, pastelak, edariak, arropa, kirola egiteko materiala...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!