Sortzen den hondakinaren arabera ordaindu beharko dute tasa, Buruntzaldeko enpresek

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 4a, 02:00

Poligono, industriagune eta parke teknologikoetan hondakinak sailkatuta bil­tzen dira apirilaren 1etik. Hondakinak sailkatzeko, bil­tzeko eta tratatzeko mo­dua arautu du San Marko Man­komunitateak. Helburu na­gu­sia da enpresei ikustaraztea birziklatzeak duen ga­rrantzia eta horrek gizarteari ekartzen dizkion onurak.
Hondakinak sailkatzeko obli­­gazioa lehendik ere ba­zuten enpresek. Orain ordea, ondo sailkatuta ez dauden hondakinak ez ditu bilduko San Markok, eta hori da aldea.

Hondakinak
mankomunitateari

Donostialdeko industriaguneetan ari diren 2.600 enpresek Mankomunitateari eman beharko dizkiote hondakinak, beti ere, arriskutsuak ez direnak. Horretarako, alta eman beharko dute zerbi­tzuan, eta araudi berrian ezarritako ordutegi eta baldin­tzak bete.
Arauak betetzen ez badira, isunak jarriko dituztela ere zehaztu du San Markok. Esaterako, enpresa, hondakinak entregatzera ukatzen bada,  arau-hauste larria izan­­go da, eta 9.000 eta 300.000 euro bitarteko isuna jaso dezake. Baita ere, oso larritzat joko da arriskutsuak diren hondakinak abandonatzea edo jaurtitzea, horrekin jendearen osa­suna arriskuan jartzen bada.

Edukiontziak, hondakin mota bakoitzerako
Enpresa ia guztiek badute lehendik edukiontzi egokia, hondakinak sailkatzeko. Ba­ten bat falta zaienei edo ez dituztenei, berriak banatuko dizkiela azaldu dute Man­komunitatetik. Bestalde, jakinarazi dute frakzio guztietarako edukiontzirik ez dagoela, eta edukiontzi berdina ere erabili daitekeela hondakin ezberdinak ateratzeko.

Frakzio gehiago
Orain arte, papera, plastikoa, egurra eta antzeko frakzioak jasotzen zituen San Markok. Araudi berria eta gero, gehiago izango dira bilduko dituzten frakzioak, 14 guztira: hondakin organikoak, beirazko on­tziak, paleetan erabiltzen den plastikoa, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak...
Maiz­tasun erregularrarekin jasoko dituzte batzuk; eta beste batzuk aldika, eskaeraren arabera.

Tasak urtean behin,
kopuruaren arabera

Tasak ordaintzeko garaian izango da aldaketa nabarmenena. Urtean behin kobratuko ditu San Markok. Orain arte, azaleraren (m2) arabera ordaintzen zituzten; eta nobedadea da hemendik aurrera garrantzi haundiagoa emango zaiola hondakin motari. Adibidez, tasa altuagoak ordainduko dituzte birziklatu ezin diren hondakinak ateratzen dituztenek, tratamentu propioak behar dituztelako.

Informazioa, enpresei
Enpresen laguntza, parte hartzea eta kontzientziazioa ezinbestekoa dela diote San Markotik. Horregatik, behar duten informazioa eta formazioa emango diete enpresetako arduradunei; eta azken hauek arduratuko dira langileei emateaz.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!