extremadura barru barrutik ezagutzeko aukera izango da asteburuan Hernanin: paisaia eta bazterrak ikusi; gozo, txorizo, urdaiazpiko eta ardoak probatu; dantza emanaldiak ikusi; ruta turistikoak ezagutu... Extremadurako jardunaldiak antolatu ditu 20garren urtez Donostiako Extremadurako Kultur Etxeak. Herria utzi eta Hernanira bizitzera etorri ziren extremaduratarrak disfrutatzen dute gehien; hauek, eta haien ondorengoek. Baina Santi Gilek (elkarteko lehendakaria) dioen moduan, geroz eta gehiago dira festara gerturatzen diren herritarrak, «interes haundiko festa da guztiontzat, eta urtetik urtera, hernaniar gehiagok hartzen du parte».
Parajeak eta historia, larunbateko emanaldian
Era guztietako turismoa egin daiteke Extremaduran, eta hori erakustea du helburu larunbat arratsaldean jarriko duten dokumentalak. Caceres eta Badajoz probintziek duten xarma erakutsiko dute. Caceres hiriburua, monumentala bezala ezaguna, Gizadiaren ondarea da. Gereziondoak ere orain daude loretan, eta milaka dira urtero, hori ikustera gerturatzen diren turistak. Merida kapitala hiri erromanikoa da, interes haundikoa. Hegoalderago, Andaluziarekin mugan, fama haundia duten herrixkak daude, etxe txurien herriak bezala ezagunak. Eta mendia gustuko duenak, badu non egin buelta. Dokumentalak ordu eta erdi inguruko iraupena du, eta irudi eta azalpenak uztartzen dira bertan. 19:30etan jarriko dute, Biterin.
Festa nagusia, igandean
Egun haundia igandean antolatu dute. Goizeko 10:00etatik aurrera Extremaduratik ekarritako produktuak izango dira aukeran Atsegindegin: urdaiazpikoa, txorizoa, odolkiak, gazta, roskillak, floretak... Pintxoak jarriko dituzte mokadutxo bat egin nahi duenarentzat; eta pieza osoak erosteko okasioa ere, izango da. Erakusketa ere jarriko dute, Hurdes eta Guadalupe herrietatik ekarritako saskiekin. Eta liburu eta triptikoak ikusi eta erosteko abagunea ere izango da. Festa bukatzeko, Virgen de Guadalupeko koro eta dantza taldearen emanaldia antolatu dute. Bi aktuazio egingo dituzte: 13:00etan eta 17:30etan.
Santi Gil:
«Torreorgaz herritik etorri ziren gehien, Hernanira»
Extremadurako herria utzi, eta lan bila etorri ziren Hernanira egungo herritar askoren aiton amonak. Extremadurak zuen biztanleriaren ia erdia galdu zuen 60garren hamarkadan; 90.000 pertsona inguruk utzi zuten atzean euren herria, bizitza oparoago baten bila.
Hernanira, 2.000 lagun inguru
Hernanira zenbat etorri ziren jakitea ia ezinezkoa da, baina 2.000 inguru izan zirela kalkulatzen dute, hala azaldu du Santi Gilek, Donostiako Extremadura Kultur Etxeko lehendakariak. Jatorria begiratuta, gehienak Caceres probintziatik etorri zirela dio lehendakariak. Eta herria kontuan izanda, gehien Torreorgazetik etorri ziren, Caceres hiriburutik oso gertu dagoen herri batetik.