LANPETUTA zeuden Hernani Bidaiak agentziako kideak asteazkenean, herritarren azken orduko eskaerei erantzuten. «Jendeak oporretara joan nahi du», eta eskaera kopurua ez da jaitsi, krisi garaia izanagatik. Hala ere, eskaera modua aldatu da, jendeak aukera merkeagoak bilatu dituelako. «Bost beharrean, lau eguneko bidaiak egitea da modu bat, bidaia merketzeko. Edo denborarekin eskatuz gero, Aste Santua baino egun bat lehenago abiatu, eta merketu egiten da bidaia». Pazko astean bidaiatzea ere ez da erabaki txarra, sos batzuk aurrezteko.
Salou, Landak, Benidorm...
Aste Santuan eguzki bila ibiltzen da hernaniarra, eta kostara bidaiatzen du: Salou, Landak eta Benidorm dira bidaia maitatuenak, Andaluziarekin batera: Malaga, Cadiz... Dezenteko tiradizoa izaten dute Canarias eta Baleareek ere Hernani Bidaiak-eko arduradunek Kronikari jakinarazi diotenez. «Eguzkia eta kosta bilatzen dituzte orokorrean, baina baita barruragoko lekuak ere, Salamanca adibidez».
Turkia, Kroaziako Dubrovnik hiria, edo Europako hiriburuak
Europako hiriburu haundiek ez dute hutsik egiten Aste Santuan: Erroma, Paris, Londres, Berlin... Bada bat, hain haundia izan ez arren, asko tiratzen duena: Kroaziako Dubrovnik hiria. Horrez gain, Turkiara joateko joera ere badago, azken urteetan.
Gazte edo heldu izan, aldea dago bidaiatzean. Gazteek beren kabuz bidaiatu nahiago dute, eta helduek antolatuta.
Europatik kanpora, Caribe irlak eta New York dira bidaia esanguratsuenak.
Azken ordukoak, Asturias...
Azken orduan dabilenak ere ez du aukera faltarik Aste Santuan. Kasu horietan, gertuago joaten dira: Errioxa, Asturias, Kantabria...