Azucena Vieites Garciak (1967, Hernani) erakusketa jarri du Madrilgo Reina Sofia museoan. 12 collage dira, aldizkari edo fanzineetatik hartutako irudiekin eginak, eta serigrafia bidez haundituak. Horrela, beste norbaitek sortutako irudiak hartu, collage bidez original bihurtu, eta ostera serigrafiarekin kopia itxura ematen die.
Erakusketaren izena da Tableau vivant (koadro bizia), eta arte garaikideko museoan dago, ekainaren 22ra arte, Fisuras izeneko programan, orain arte Juan Perez Agirregoikoa donostiarraren lanak egon diren lekuan. Protokolo Salan dago erakusketa, eta 12 obraz gain, bideo bat ere badu, koadroak egiteko prozesua azaltzen duena. Horrez gain, bere koadro gehiago ere badaude, 4-6 urteko umeek koloreztatuak, Reina Sofian bertan egindako ikastaroan.
«Irudi izoztuak» eta
«koadro biziak»
Obraren izenak badu bere garrantzia. Tableau vivant frantsesez esaten zaio artistak erabiltzeari liburu edo koadroetako gertaerak errepresentatzeko. Alde horretatik «irudi izoztuak» direla dio Vieitesek, baina aldi berean ekintza bat errepresentatzen dutenez, «koadro bizi-biziak» direla dioenik ere badago.
Inguruko gertaerak aukeratzen ditu Vieitesek, aldizkarietatik atereak adibidez. Oraindaino, irudi horiek marrazki bihurtzen zituen; oraingoan aldiz, zuzenean ekarri ditu bere obrara, collage moduan. Gero serigrafia bidez haunditu egin ditu, eta originala kopia bihurtu du, ostera.
«Kopiak badu duintasuna»
Vieitesen lanean beti izan du garrantzia kopiak. Kopiak, errepikapenak, fragmentu bera behin eta berriz erabiltzeak... Reina Sofiako erakusketan, kopiari oraindik eta duintasun haundiagoa eman zaio, serigrafia bidez haunditu egin direlako. «Kalitate haundiko irudiak geratu dira, eta horrek kopiari behar duen duintasuna eman dio». Izan ere, Vieitesek beti kendu nahi izan dio garrantzia irudi absolutuei edo narrazioak marra xuxen-xuxenekin egiteari.
‘Egizu zerorrek’
Hernaniko artistak artisau lana egin du erakusketa honetan ere. Teknologia bat eta beste erabili ditu, baina birtuosismoari garrantzia kendu nahi izan dio. Do It Yourself filosofiari segika, punk garaiko edo dadaismo garaiko Egizu zerorrek filosofia maite du Vieitesek, feminismoari oso lotua dagoena, baita ere. «Gitarra jotzeko ez dago solfeoa jakin beharrik; nahikoa da gogoa izatea». Horrela, azpiegitura haundiegirik gabe egin dezake lana artistak, modu azkar, ekonomiko eta erraz xamar batean.
Prozesu osoa, bideoan
Erakusketaren zati nagusitik aparte, badira umeek koloreztatutako beste koadro batzuk, eta baita bideo bat ere. Bideo horrek biltzen du prozesu guztia, koadro bakoitza egiteko prozesua, alegia.
Azucena Vieites Garcia
1967, Hernani
1991 Lizentziatu Arte Ederretan (EHU), Ikusentzunezkoak eta Pintura espezialitatean.
1992 Sorkuntza Beka jaso Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) eskutik, Arte Plastikoetarako.
1993 3. Saria Artista Hasiberrien Donostiako Sarian.
1993 Parte hartzaile, Artelekuko Uztaro erakusketan.
1994 Elkarte bat sortu Erreakzioa, E. Sadaba eta Y. De los Blueisekin batera. Artea eta feminismoa elkartzeko praktika artistikoa, kulturala eta aktibista sortu zuten.
1995 Artelekun hainbat tailerretan parte hartu. Adibidez, Serigrafia (P.Albacete) edo Elektrografia (J.R.Alcala eta J.Pastor).
1996 Mojácar-ko Arte Beka.
1996 Erakusketak: Dinamarkan, Humlebaek-eko Museum of Modern Art-en. Bizkaian, El puñalito y un puñao erakusketa - Emakumeen Dokumentazio eta Ikasketa Zentrua.
1997 Bakarka lehenengo aldiz, Galeria DV erakusketan.
1997 Sujetiles. Tres escenarios erakusketa ibiltarian parte hartu, Madril, Donostia, Barcelona...
1998 Promozio Beka, (GFA).
1999 Sorkuntza Beka (GFA), Arte Plastikoetarako.
2002 Arte Beka (Caja Madrid).
2004 Gure Artea Saria irabazi
I. Garmendia eta I. Aranbarrirekin.
2005 Erakusketa Rekalden (Bilbo)
2009 Erakusketa Fucares galerian (Madril), Collages.
2009 Erakusketa Montehermoson (Gasteiz), Break Out of Your Shell
2011 Erakusketa Madrilen, Coloring Book
2011 Erakusketa Moriarty-n (Madril) El momento es ahora
2011 Erakusketa Moriarty-n (Madril) El momento es ahora
2012 Erakusketa MUSACen (Leon), Fundido encadenado.