Añarbeko Urak enpresak 2012an honakoa lortu zuen: termikoki lehortu eta nekazaritzan erabiltzea, Mankomunitateko 310.000 biztanleen hondakin-urek sortzen duten lokatz guztia. Loiolako HUAn (Hondakin-Uren Araztegian) egin da hori. Denera, 4.413.144 kg lokatz sortu da.
Añarbek azaldu du, oso notizia ona dela ingurumenarentzat: «Loiolako araztegia 2005ean abian jarri zenetik, asko hobetu da itsasaldeko uren kalitatea eta Donostiako hondartzena; baina, aldi berean, urtero milaka tona lokatz sortzen dira eta horiei irtenbide jasangarri bat eman behar zaie».
Nekazaritzara eta Añorgako fabrikara
Añarbek hitzarmenak lortu ditu Nafarroako ongarriak egiten dituzten zenbait enpresekin eta Cementos Rezola enpresarekin. Loiolako depuradoran sortzen diren lokatzak eurek hartzen dituzte. 2012an, lokatzen %99,43 (4.387.924 kg) nekazaritzara bideratu da eta gainontzeko %0,57 (25.220 kg) Añorgako fabrikara.
Zereal, olibondo eta arto lursailetan
Azpimarratu dutenez, «Loiolako araztegian termikoki lehortutako lokatza, ez da produktu kaltegarria, erraz manejatu eta gordetzen den produktua da (%97a materia lehorra eta %3a ura). Oso ona da lurzoruarentzat eta landareentzat». Gaur egun, batez ere, zereal, olibondo eta arto lursailetan erabiltzen da ongarri organiko gisa.
Añarbe, %90 inguruan betea
Urtegiaren egoerari dagokionez, martxoaren 20ra arte bildutako ur kopuruaren arabera, %92an zegoen betea, hau da, 34.403.661 m3 ur zeuden. Iaz, egun berean, 3 milioi gutxiago zeuden: 31.259.083 m3. Aurtengo otsaila, oso euritsua izan da, 384 l/m2 egin ditu. Iazko otsailean, berriz, 95 l/m2. Bataz beste, otsailean, 169 l/m2 egin ohi ditu. Azken bi urteei dagokienez, 2012ko martxotik 2013ko otsailera, 2.375 l/m2 egin ditu. 2011ko martxotik 2012ko otsailera, berriz, 2.126 l/m2.