Kiroldegiko eta Musika Eskolako tasak kurtsoen ‘izaeraren’ araberakoak izango dira

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 29a, 01:00

Ikasturteka funtziona­tzen duten hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Udalak eta horien tasak eta prezioak onartu zituen Plenoak, asteartean. Gobernu Taldearen al­de­ko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onar­­tu ziren. Orokorrean, KPIaren arabera (IPC) igoko dira tasak, baina zenbait kasutan, zerbitzuaren izaeraren arabera ezarriko dira. Udal Euskaltegian, esaterako, mantendu egingo da, «euskera ikasteak duen ga­rrantzia kontuan hartuta, bi­dea erraztu nahi dugulako», azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak.

Biteriko ikastaroetan, be­rriz, tasak ez dituzte igo, baina BEZa igo denez, herritarrek igoera nabarituko dutela azaldu zuen. Horiez gain, aldaketak izango dira Kirol­de­giko eta Musika Eskolako tasetan. «Azterketa sakona egin dugu zerbitzu bakoitzean eta ikastaroaren arabera ezarriko dira tasak: umeentzat edo helduentzat diren... eta abar», argitu zuen. Hori ho­rrela, ba­tzuetan mantendu egingo da eta beste batzuetan zertxobait edo dexente igoko da.

Aparte, Hondakinen tasetan atal bat aldatzea onartu zen, sagardotegien funtzionamendua zehazten duena. Urte erdiz, jatetxe bezala funtzionatuko dute eta beste erdiz, etxebizitza normal bezala.

Chillida Leku berriro irekitzeko ahalegina
Chillida Leku berriro ireki­tzearen aldeko mozioa aurkeztu zuen PSE-EE alderdiak eta aho batez onartu zen. Udalak, konpromisoa hartu du, parte hartzeko, Chillida Leku irekitzeko negoziazioetan. Horrez gain, Chillida Lekuko etorkizuneko administrazioan parte hartuko du eta egoera aprobetxatuko du herriari bultzada emateko.

Bestetik, Espainiako Go­ber­­nu­ak asmoa du Udaleta­ko eta lekuko administrazio­ak erreformatzeko, eta proiek­­tu horren aurkako mozioa ere onar­tu zen, aho batez. Uda­lak, lekuko autonomiaren alde egiten du eta udalek duten garrantziaren alde. Hori horrela, Espai­niako Go­bernuari eskatzen dio negoziatzeko, zerikusia duten erakunde guztiekin eta errespetatzeko, EAEko lurralde historikoen berezitasunak. Eta Eusko Jaurlari­tzari eskatzen dio, Udal Le­gearen Proiek­tua­ren barru­an zehazteko, Uda­len konpetentziak, eta finan­tziazioa ziurtatzeko, horiek aurrera eraman daitezen.

LOMCEren aurka, 1.500 sinadura eta mozioa onartuta
LOMCE, hezkuntza lege be­rriaren kontrako mozioa aurkeztu zuten Hernaniko ikastetxeetako ordezkariek, hala nola, Langile, Elizatxo, Uru­mea, Txirrita, Institutua eta Lanbide Heziketako ordezkariek. Aho batez onartu zuen Plenoak. Udalak, bestek beste, konpromisoa hartu du legearen aurka egin eta honen aurkako ekintzetan parte hartzea bultzatzeko.

Legearen aurka egiteko, honako arrazoiak bildu dituzte mozioan: «Atal atzerakoiak inposatu nahi dituzte: ratioen igoerarekin, masifikazioa geletan; ikasleen segregazio goiztiarra DBH 3n; gestio pribatua lehenestea ikastetxe publikoetan; euskeraren bazterketa inposatzea; erlijio katolikoa berrezartzea; lan baldintzak okertzea...». LOMCEren aur­ka, 1.500 sinadura inguru bildu dituzte Hernanin.

Kutxa Ekogunearekin, 8 urteko hitzarmena
Baratze Parke Publikoen proiektua martxan jartzeko, Udalak 8 urteko hitzarmena sinatuko du Kutxa Ekogu­nea­rekin. Hala onartu zuen, Plenoak. Horrez gain, Her­na­ni, Gipuzkoako garraioaren lurralde-agintaritzaren barruan sartuko da.

Bestalde, hirigintza anto­la­tzeko, Udal Ordenantzak biltzen dituen I. Liburua osa­tu dute eta hasierako onarpena emanda, jendaurrean dau­de alegazioak egiteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!