Lan bila dabiltzanentzako proiektu berria jarriko du martxan Daiteke zerbitzuak. Apirila eta maiatza artean izango da eta proiektu honetan, norbera izango da motorra edo gidaria. Proiektuaren izenak ere hala dio: Enplegu Gidaria zu zeu. Lana bilatzea helburu izanik, taldeak osatuko dira. Horrela, landuko dituzte: lankidetza, partehartzea, talde lana, iniziatiba, antolamendua eta plangintza. «Hau da, gaur egungo enpresetan behar beharrezkoak diren ezaugarriak», azaldu dute. Autoestima berreskuratzeko eta egoera berdina edo an-tzekoa bizi dutenei laguntzeko ere baliagarria izango da.
Orientatzailearen laguntza
Perfil antzekoa duten lan talde desberdinak sortuko dituzte, kontuan hartuz, formazioa, generoa, eskarmentua... Talde bakoitzak Orientatzailearen laguntza izango du.
Bost fase
Proiektuak 5 fase izango ditu: lehenengo fasean (Harrera), bakoitzaren gaitasuna aztertu eta helburuak zehaztuko dira; bigarren fasean (Entrenamendua), curriculuma eta aurkezpen eskutitza prestatuko dira; hirugarrenean (Planifikazioa), curriculuma entregatzeko enpresak aukeratuko dira; laugarrenean (Enplegu gidaria), aukeratutako enpresetara joatea izango da helburua; eta bosgarrenean (Ebaluaketa), ebaluaketa egingo da: iritziak, itxaropenak... Proiektuaren gestioa Enplegu gunean egingo da (Karobieta, 63) eta Jaione Ayala izango da arduradun teknikaria. Izena emateko eta informazio gehiagorako: jaionea@daiteke.com eta 943 57 54 24.