Korrikaren uholdeak harrapatu zuen Hernani

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 24a, 01:00

Ehundaka lagunek egin zuten atzo Korrika euskeraren alde, Hernanin. Urnietatik zetorren, eta Mandazubitik barrena iritsi zen Hernanira, 18:45etan; testigua 40 lagunek eraman zuten. Aurretik, Hernaniko euskera ikasleek omenaldia jaso zuten, Txantxillako errotondan.

«Erri, erri, erri, Hernani euskaldunberri!». Hainbat oihuren artean hori, atzo Hernanin altuen entzun zena. Eus­kal­dun­berriei omenaldi beroa egin zien Hernanik, eta egunero egiten duten saiakera eskertu zien, eta denei gogorarazi, batzuek ikasteko, besteek ere lagundu egin behar dutela. Uholde haundi bat ekarri zuen atzo Korrikak Hernanira, jendetza ikaragarria bai­tzen kaleetan oihuka eta korrika. AEKk eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaile eta laguntzaile guztiei, «bihotz-bihotzez».



Bide bazterrak leporaino zi­ren arratsaldeko 18:15etan, Ko­rrika noiz iritsiko irrikan. Mandazubitik sartu zen Her­nanira 18:45etan, eta Mu­gimendu Feminista izan zen aurreneko talde hernaniarra testigua hartzen. He­rrian ba­rrena beste 39 per­tsonen es­kue­tatik pasa zen, eta elkarte, talde eta koadrilen izenean eraman zuten hauek, Martin­degira arte. Atzetik, uholdea; ehundaka lagun, AEK­ri eta euskerari ba­be­sa emanez. Atzeko muturra ikusten ez zela ibili zen Korrika Her­nanin gora eta behera, Kax­koan, Lizea­gan, Latsunbebe­rrin, Antzio­lan, Zinkoe­nean, Karabelen...

Hernanin barrena ordubeteko ibilbidea egin zuen Ko­rrikak, eta Astigarragarako bidea Martin­degitik hartu zuen. Korrika gaur iri­tsiko da helmugara, Baio­nara, 2.587 kilometro egin ostean; 12:30ak aldera izango da hori. Euskeraren aldeko festak jarraipena izango du ordea; gustu guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte ekitaldia bukatzean.

Euskera ikasleei omenaldia, Korrika iritsi aurretik
Her­na­nin ere, Korrikaren alde! gisako aldarrikapenak oihukatu zituzten, ibilbidean ze­har, baina batez ere batek hartu zuen protagonismoa: Erri, erri, erri, Hernani euskaldunberri! Euskaldunberriak omendu ditu aurten Ko­rri­kak, eta Hernanin Txan­txillako errotondan jaso zuten egiten duten saiakeraren aitortza, ondo merezia. AEKko eta Banaiz Bagara­ko ikasleek eraman zuten testigua.

Argazkiak interneten,
asteartean

Hernaniko Kronikak ateratako argazki guztiak www.kronika.net web orrian egongo dira asteartean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!