Egoera ekonomikoa zailtzen ari da gurean, eta zenbait esparrutan lanean ari direnek, hare errealitate gordinagoa ikusten dute. EBT taldeko kideek, adibidez, hiru hilabete daramazkite Hernanin janaria banatzen, eta 120 familia joaten zaizkie janari bila; 450 hernaniar inguru, hain zuzen. «Eta kopurua gora dijoa» beraiek diotenez. EBT taldea (Elikadura Banaketa Taldea) hiru taldek elkarlanean sortu dute: Amher Sos Arrazakeria, Caritas eta Eliza Ebanjelikoak. Carlos Gallego (Caritas), Joxan Rodriguez (Eliza Ebanjelikoa), eta Felipe Etxeberriak (Amher) Kronikari adierazi diotenez, 2 urtez ari dira biltzen hiru taldeok hainbat gairi buruz hitz egiteko, eta oso garbi ikusi dute, janaria banatzeko kontuan talde bakar bat behar zela Hernanin (lehendik banatzen zuten janaria bere aldetik Caritasek eta Eliza Ebanjelikoak).
Famili behartsuenei banatuko zaie janaria
Hilean bi aldiz banatzen da janaria, baina familia bakoitzak hilean behin jaso dezake, eta bakoitzak bere herrian. Behartsuenei begira sortutako zerbitzua denez, aurretik apuntatu egin behar da, eta ziurtatu, familia ingreso jakin batzuetatik behera dabilela.
Zerbitzu hori behar duenak aurrez apuntatu behar du: Caritasen, Eliza Ebanjelikoan, Amherren, edo Ongintza Patronatuan.
«Boluntario asko animatu zaigu, eta eskertzekoa da»
Deialdia egin, eta jendeak erantzun. 50 boluntario bildu zaizkie. Bakoitzak hilean ordu eta erdi inguruko lana egin beharko du. Hileko lehenengo bi astelehenetan ekartzen dute janaria, eta erdiak astelehen batean lan egingo dute eta beste erdiek hurrengoan.
Oiartzunen dagoen Alimentu Bankutik ekartzen da janaria, goizeko 09:00ak aldean. Janari hori hartu, eta entregatzeko moduan jartzen da: ustelak apartatu, eta paketeak egin (berdura, fruta, eta bestelakoak). Janari banaketa arratsaldeko 17:00etan egiten da, Udalak utzi dien lokal batean, Gabriel Zelaian, hain zuzen.