Xanti Lujanbio Prailia hil zen atzo, 91 urte zituela. Gazterik etorri zen Xanti Santiomenditik Hernanira, eta gutxi izango dira hura bezain ezagunak. Alor askotan zen ezaguna Prailia. Gaztetan herri kiroletan ibilia, Polipasoren laguntzaile ibiltzen zen segan eta aizkoran. Basurde ehizan sona haundikoa, 78 basurde boteak ba omen zituen. San Joanetan eta Inauterietan ere jartzen zuen berea Prailiak. 1953an hasi eta ia oraintxe arte, San Joanetan, lizar-adarrak Kaxkoko portaletan jartzen zituen, hainbat urtetako ohiturari eutsiz. Inauterietako Beti Alperraken karrozan, eta San Joan Konpartsan zeinek ez du gogoratuko... 2006 eman zioten ondo merezitako Kaxkoko alkate-makila, eta Joanjo Uriak hala kantatu zion omenaldi egunean:
Horra bertso bat apalki
gure lagun haundi bati
denon alkate berria zein den
edonork badaki
Kaxkoaren alde beti
fede onez erabaki
zure agindu-pean gelditzen
gera denok Xanti