hernaniko zatiko obrak bukatuta, Urumeako autobideak lau karril izango ditu Andoaindik hasi eta Donostiaraino. Atzo inauguratu zuten azken zati hori, 2,4 km dituena, eta 26 miloi euro kostatu dena. N1aren alternatiba gisara definitu zuten Urumeako autobidea atzo, inaugurazio ekitaldian. Igartzagainako tunel gainean (Portutik Iberdrolako subestaziorako aldapa) egin zuten inaugurazioa, eta bertan izan ziren Larraitz Ugarte (Gipuzkoako Garraio Diputatua), Martin Garitano Diputatu Nagusia, Luis Intxauspe (Hernaniko Alkatea), eta Jose Manuel Erauso (Obra Zuzendaria).
Egunero 30.000 ibilgailu
Urumeako autobidean egunero 30.000 ibilgailu ibiltzen dira, eta atzo ziurtatu zutenez, lau karrilekin kopuru horrek gora egingo du. «N1ari kendu zaio trafiko hori guztia, eta orain, beste bide bat hartu ahal izango da Andoain eta Donostia artean. Hargatik diogu alternatiba dela».
2002an egindako zatia, bikoiztu dute
Hernaniko zati hau bikoizten 26 hilabete pasa dituzte. 2002an ireki zuten zati hau, bi karrilekin. Orain, bide zati hura ez da ia ezertan aldatu, eta aldamenean egin zaio beste bi karrileko bidea.
26 miloi euro gastatu dituzte lanak egiten, lizitatua baino %9 gehiago. Atzo adie-razi zutenez, gainkostu hori «Europako bataz bestekoaren barruan dago», Obrak egin baino lehen, 34,8 miloi euro gastatuko zirela aurreikusi zen, eta lizitatzeko garaian jaitsi zen 23 miloira.
Neurketa arazoek eragin dute gainkostua, Jose Manuel Erauso obra zuzendariak Kronikari azaldu zionez. «Material kopurua izan da batez ere hasierako neurketak aldatu dituena».
Igartzagainako tunelaren gainean, inaugurazioa
Leku berezia da Igartzagainako tunela edo tunel faltsua. Bertatik ondo ikusten da autobia zati haundi bat, eta gainera, zer esana ere eman du obra hauetan. Kronikari jakinarazi ziotenez, tunel hori egitea ez da izan gainkostua eragin duena, proiektuan hasieratik kontenplatzen baitzen obra hori.
Segurtasunari
«arreta berezia»
Erausok azpimarratu zuenez, bete dira obra egiteko proiektuaren hiru helburu nagusiak. «Ez da istripu nabarmenik izan, soinu eta ingurumen arazo nabarmenik ere ez, eta denbora eta prezioetan ere sartu gara».