Zazpi Iturri eta Huarte aurkari gogorrenak, Hernanirentzat

Kronika - Erredakzioa 2013ko mar. 23a, 01:00

Hernanik eta Euskal Herri osoko beste 15 taldek hartuko dute parte aurten, Berria Txapelketan. Apirilaren 7an hasi, eta ekainaren 22ra bitartean jokatuko da 10garren edizio hau. Kanporake­tetako 5 partidu eta final haundia, Kiroldegiko pelotalekuan jokatuko dira.

Kluben arteko txapelketarik garrantzitsuenetakoa aur­keztu zuten atzo: Berria Txapelketa. Hamargarren edi­­zioa da aurtengoa eta Euskal Herriko 16 taldek hartuko dute parte, tartean, Her­nanik: 5 Gipuzkoakoak dira, 4 Nafarroakoak, 4 Bizkaia­koak, 2 Arabakoak eta 1 Iparraldeko selekzioak osatua.

Hernaniko pelotariak, partiduaren arabera
Maila guztietan ditu Her­nanik maila haundiko pelotariak, beraz, partiduz partidu jakingo da zeinek jokatuko duen kanporaketa bakoi­tza; hala azaldu dio Rufino Rekaldek Kronikari: «partiduak zeinen kontra ditugun jakitean erabakiko dugu zein pelotarik jokatuko duten. Txapelketa hau kluben artekoa da, eta beraz, ez da hasieratik erabaki behar zein hiru bikotek jokatuko duten».

Zazpi Iturri eta Huarte, faboritoak
Txapelketa irabazteko faboritoak zein diren galdetuta, argi du Rekaldek, Zazpi Itu­rri eta Huarte: «Zazpi Iturrik pelotari bikainak ditu maila guztietan, aurrean zein atzean. Lehendik ere Berria txapelketako finalak jokatutakoak eta irabazitakoak dira amezketarrak, eta aurten ere, ez dira urruti ibiliko. Beste faboritoa, ziurrenik, Huarte izango da. Na­farrek ere pelotari onak di­tuzte hiru mailetan, nahiz eta kadeteak ahulagoak diren». Hernaniarren kasuan, partiduz partidu joan behar dutela dio Rekaldek: «maila onean ari bagara ere, poliki, partiduz partidu joan behar dugu. Kanporaketa bat pasa­tzen badugu, zoragarri. Eta bi pasatzen baditugu, askoz hobe. Jokatzen hasi eta ikusiko dugu benetan zein mailatan gauden».

Apirilaren 7tik ekainaren 22ra, 16 kanporaketa
Final zortzirenetako partiduekin hasiko da txapelketa apirilaren 7an, eta kanporaketa, bi asteburuetan jokatuko da. Final laurdenetarako sailkatzen diren bikoteek 3 asteburutan eman beharko dute duten onena, finalerdietarako pasea lortzeko. Lau bikotek neurtuko dituzte indarrak azken txanpa horretan, eta bi onenek final haundia jokatuko dute ekainaren 22an. Urteroko legez, azken partidu hori Hernanin jokatuko da; eta aurten gainera, San Joan jaietako egitarauaren barruan sartu dute. Finalaz gain, txapelketan jokatuko diren 16 kanporaketetako 5 ere kiroldegiko pelotalekuan jokatuko dira. Partiduen eguna ere, zehaztua dute: bi salbu, guztiak igandeetan jokatuko dira.


16 kluben partaidetza
Hernani
Zazpi iturri (Amezketa)
Aurrera saiaz (Bidegoien)
Oiarpe (Oiartzun)
Zestoa-Gazteleku (Andoain)
Oberena (Iruñea)
Erreka (Santesteban)
Huarte
Zugarralde (Burlata)
TXURUTA (Baztan)
markina
Lemoa
olaburu (Iurreta)
adiskide (Galdakao)
amurrio
zarama (Gasteiz)
iparralde

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!